hurrengoa
maika makovski    Bi urte igaro dira Kraj So Kóferot diskoa atera zenuenetik. Konposaketei buelta asko ematen diezu ala, besterik gabe, ez zenuen lehenago argitaratu nahi zure izena daraman hau?

Ez, ez naiz kantuekin bueltaka dabilen horietakoa. Kontua da disko honek urtebete daramala grabaturik; lehenago atera ez bada ez da nire erruagatik izan. Jende aproposarekin atera nahi genuen, eta horregatik atzeratu da, baina itxaroteak merezi zuen.

Eta, bat batean, John Parish-en izena azaltzen da. Nola sortu zen berak zure diskoa ekoizteko aukera? Kontaiguzu zer moduzkoa den berarekin lan egitea.

Nire managerra zenak egin zuen berarekin kontaktua eta nire aurreko bi diskoak bidali zizkion. Entzun zituen, eta nire maketak entzun nahi zituela erantzun zuen. Hilabete batzuk igaro ziren eta eskuartean nuena bidali nion; etxean grabatu nituen demoak gustatu zitzaizkion bereziki eta, mail batzuen eta telefono solasaldi batzuen ostean, ados jarri ginen eta grabaketarako data jarri. John-ek musika maite du, ez fama; estudiora jaka berde batekin dator, eta lana amaitzen duenean etxera itzultzen da bere familarekin. Gustoko dituen proiektuetan soilik murgiltzen da, eta benetan murgiltzen da gainera. Ez da ekoizle inbasibo bat; musikariaren nortasuna errespetatzen du; “Friends” kantuan, adibidez, demoko konponketa guztiak errespetatu zituen; beste kasu batzuetan, “Game of Doses”-en adibidez, ideia soil batetik kantu oso bat garatzeko gaitasuna izan du. Kantu asko zuzenean grabatu genituen talde guztia batera. John kristalaren bestaldean esertzen zen, begiak itxi, eta hala erabakitzen zuen zein saikaera zen ona (eta gerora jabetzen ginen beti asmatzen zuela).

Bristol eta Bath hirietan grabatua. Ohiko ingurunetik ateratzeak lagundu al dizu grabaketa egiteko orduan?

Aberatsa izan da. Rock kultura hura arnastu eta A. Chant eta P. Corkett bezalako soinu ingenieriekin lan egiteak liluratu ninduen. Corkett-ek nahastu zuen diskoa eta ez naiz sekula hain lasai egon. Bazekien zer nahi nuen eta nola nik ezer esan gabe. Jim Barr, Pete Judge eta Billy Fuller bezalako musikariekin lan egitea ere izugarria izan zen, eta hori han soilik gerta zitekeen.

Begietan pegatuta geratzen zaizun disko-azal ederra. Nork egin ditu diskoan azaltzen diren taldeko partaideen erretratuak?

Mila esker, nik margotu nituen, maitasun handiz egin nituen, taldekideek merezi zuten moduan.

Kontaidazu zerbait zure taldekideen inguruan.

David Martinez bateriajolea da. 2003tik hona elkarrekin jotzen dugu. Kantuak oso azkar barneratzen ditu eta ez du sekula akatsik egiten; instintu handia du kantuak janzterakoan. Oso
melodikoa da, nahiz eta notarik ez jo. JC Luque baxujolea 2004an sartu zen, eta oso zorte txarra du soinu ekipoarekin (erosten duen pieza oro konpontzera bidali behar izaten du), baina den moduan maite dugu eta eta taldearen arimaren zati bat da. Xarim Aresté gitarrajolea da. Diskoaren prestaketan nire makulua izan zen. 2008an sartu zen, eta azaroan Bristolen geunden elkarrekin. Orain faltan botatzen dugu, baina haren ordez Oskar Benas euskalduna sartu da, euskalduna, mehe-mehea, baina ederto astintzen die 6 sokei.

Gu zaleak gara. Ez gara ezkutatzen, asko gustatzen zaizkigu aurreko lanak, eta azken disko honekin –ez dakigu zergatik zehazki– hori sentzitzen jarraitzen dugu. Nola egiten duzu, garatzeko, aldatzeko, baina muina mantentzeko?

Ez dakit, bakoitzaren buruaren ezagueran datza akaso sekretua, eta ez dut New Age filosofiarik galdu nahi, eh! Baina uste dut musika pertsonarekin bat doala, eta hala ez bada forma soil bihurtzen da, edukirik gabeko musika, eta ezinezkoa da hori garatzea eta hortik hazten joatea. Eta sinisten dut kantuak mimatu, entzun eta behar dutena eman behar zaiela, fortzatu gabe.

Zer moduz zuzenekoekin? Asko itxi dituzue honez gero?

Londonen ibili gara, gero AEBetan, eta orain Espainiar estatuan hasi dugu bira. Zuen aurrean jotzeko gogo handia dugu!