hurrengoa
hirien ondoeza aritz galarraga   I  stanley wong Ez gaitu asebetetzen hiriak; globoaren beste aldean dagoenarekin komunika zaitezke, baina ez dakizu ondoko ateko bizilaguna nor den, zer den, bizirik esnatu ote den gaur ere. Kaleak beti dira berdinak, eta ez, ibai baten urak nola, aurpegibako. Hiri bilbe berrietan barrena doazen subjektuek harrizkoak dirudite, izaki mekaniko, sonanbuluen pare. Atopia deitu diote horri batzuek, gaur egungo hiriak sortzen duen ondoezari. Ez, noski, utopia, existitzen ez den lekuaren bilaketa. Atopia baizik.

Existitzen den hiriak sortutako ezinegona da atopia: gainezka egin du, bizitza modernoan betetzen zituen funtzioak betetzeko antzu, beste gauza bat bilakatzen ari da orain. Lehen lagunarterako eta lanerako eremu zena, atomizazio eta aisialdi gune bilakatu da gaur. Elkartzeko eta gauzatzeko zena, galera, porrot zaku. Ondoeza eragin dute horiek, hiri ondoeza, hiritarrek ez dute dagoeneko beren isla ezagutzen bertan. Erakusketa bat izan berri da Bartzelona hirian, hiritartasunaren eta zibismoaren eta kosmopolitismoaren paradigma bilakatu nahi duten hirian; Barcelona, la millor botiga del món, munduko dendarik onena, Barcelona posa’t guapa jar zaitez guapa, hainbat idazlek Odio Barcelona liburua argitaratzen duten bitartean. Erakusketa, genioen: Atopia. Art i ciutat al segle XXI.

Hiri ondoeza abiapuntutzat hartuta, ondoez hiritarra, hainbat artista plastiko eta bisual artearen eta hiriaren arteko harremana zein den, mende hasiera honetan, erakusten ahalegindu dira. XXI. mende hasieran, artea bueltatu omen da bere erroetara, bueltatu omen da ideia estetikoetara, emoziora, eta egin omen du hain juxtu esperientzia baten bitartez, hiri ondoezaren eskutik. Hiria biztanlearen aurka, biztanlerik gabeko hiria, hiririk gabeko biztanlea, apoteosi hiritarra. Eta horien arteko trantsizioak. Rogelio Lopez Cuenca, Philip-Lorca diCorcia eta beste hamaika izan dira gonbidatuak. Eta artistokin batera hiztegi bat, hainbat hitzen hainbat definizio; nahi zuen orok bertan parte hartzeko aukera izan du, hitzei definizio berri edo, behintzat, pertsonal bat emanez.

Hiria. Hori omen etorkizuneko giza antolamendurik behinena. Gaur egungoa ez bada dagoeneko. Hiria: iz. Jende ugari bizitzeko etxe eta eraikin multzo egituratua, hainbat jarduera motatan, bereziki bigarreneta hirugarren sektorean, diharduen biztanleria duena. Harluxet entziklopediaren definizio zehatza, eta hankamotza.

Hiria: “humanitate partikularraren lekua da”, dio Marc Bloch-ek. Erdi Aroko mundu organikotik ihes, askatasuna bilatzen zutenen babes eta komertzio gune ziren hirien garapenagatik konkistatu zuen Europak hegemonia, Claude Lefort-ek azaldu duen bezala. Hiria, batez ere, gizarte heterogeneoen eta arrotzen arteko bizikidetzaren instituzionalizazioa da.

Fikzioa: fikzioa eta errealitatea banatzen dituen errezela oso da fina. Fikzio hodei batean bizi gara, eta horrek eraman zuen J.G. Ballard esatera literaturaren funtzioa errealitatea sortzea dela.

Historia: Objektua: gizakiaren iragatea lurrean. Praktika: iraganaren berreraikitze iraunkor eta beti kezkagarria. Giza abentura gure gaurko apetetara egokitzeko nahi betierekoa. Orainaldia idazteko modu bat da historia.

Ideologia: moduren batean elikatu behar dira geratzen direnen ilusioak. Ideologiak eraikuntza intelektualak dira, errealitatearekiko harremana jasangarriagoa izan dadin sortuak, eta norbera gizartean egokitu zaion paperera molda dadin. Badago XIX. eta XX. mendeetako ideologia guztietan komuna den ezaugarri bat: lanak askatu egiten du. Inork ez du proposatu nagikeriarako eskubidea (Paul Lafargue-k, Marxen suhia zenak teorizatua) giza eskubideen parte bilakatzea. Baliteke nagikeria izatea geratzen den azken aterpe subertsiboa.

Notizia: nolabaiteko sona duen gertakaria, iritzi publikoaren arreta merezi duena. Gizarte jakin baten iritzia eraikitzeko eta mugatzeko material oinarrizkoa da notizia. Eta gatazka, hura elikatzeko material nagusia.

Pornografia: eremu pribatukoak diren egoeren erakusketa publikoa. Interes komertziala du. Pribatuaren publikatzea eta publikoaren pribatizatzea masa-komunikazio gizartearen parte dira.

Turismoa: bidaia, munduaren gaineko begirada azaleko baten instrumentu gisa. Inork esan al du azalekoa ez dela sakonekoa bezain noblea? Komunikazio unibertsalerako faktore bat. Negozio oparo bat.