• 1
  • 2
hurrengoa
heriotzaren aurpegia   
Maskarah: arabiarrez, bufoia
Maskus: latinez, mamua

Egipziarrek eta Ameriketako zibilizazioek maskarak jartzen zizkieten pertsona garrantzitsuei, hil eta lurperatzen edo erretzen zituztenean. Baina ez da maskara horien balio sinbolikoa edo erligiosoa guri interesatzen zaiguna, Erdi Arotik aurrera eman zitzaien erabilpen apaingarria baizik. Aristokraziak modan jarri zuen, pertsona bat hil eta berehala, haren aurpegiaren maskara egitea. Nolabait, Erromako enperadoreek etorkizunerako uzten zituzten estatuen antzeko oroigarriak ziren. Hasieran nobleziaren ohitura zena, pertsonaia garaikide garrantzitsuetara ere zabaldu zen: politikoak, idazleak, musikariak, filosofoak... Ohitura horri esker, azken bost mendeetako pertsonaia garrantzitsu askok zer itxura zuten jakiteko aukera dugu egun. XIX. mendean, argazkilaritzaren asmakizunarekin batera, hildakoei eginiko maskaren ohitura bertan behera geratzen hasi zen. Familiek, hildakoa ¨ad eternum¨ gordetzeko, argazkiak nahiago zituzten. XX. mendeak aurrera egin ahala, familia gutxi batzuk eta erakunde bereziek eutsi zioten heriotz maskaren ohiturari.

Berriki hildako pertsona baten aurpegiaren maskara egiteko, igeltsua hustutzearen teknika erabili behar da, igeltsuan geratzen den hutsunea argizari likidoarekin betez. Modu horretan, hildakoaren hiru dimentsiotako erretratu fidela lortzen da. Ez zen munduko lanik ederrena, baina iaiotasun berezia behar zen historiak eman dituen ¨bufoi¨ horietako askoren erretratu mamua ateratzeko. Familia dirudunek estima handian izaten zituzten heriotz maskaren artisauak, haien trebezian oinarritzen zelako hildakoak etorkizunerako utziko zuen irudiaren edertasuna eta nortasuna.