• 1
  • 2
hurrengoa
Dotore    Uda honetako disko berezienetako batek uda du protagonista. Dotore-ren Los veranos y los dias (Cosas Primo) Brian Wilson Family-rekin oporretara joan eta arratsero joko lituzketen kantuen doinua du. Hori da, behintzat, burura datorkiguna “Nadie llora en Nanjing”, “La mañana” edo “Septiembre” kantuak entzuten ditugunean. Zentzu guztietan, disko dotorea kaleratu du Dotorek.


Los veranos y los días disko alaia eta melankolikoa da aldi berean. Terrazak, egunsentiak mauka motzetan... Bartzelonan, bizi zaren hirian, konposatu duzula irudikatzen dugu, baina oso ¨uda donostiar¨ kutsukoa geratu zaizula esatea gehiegizkoa litzateke? Udak hemen udaberriaren eta udazkenaren usain handia du. Bueno, galdera honekin trabatzen ari naiz. Zergatik Los veranos y los días?

Diskoa nire bizitzako azken hiru urteotan dago konposatua, eta denbora horretan Shangai, Bartzelona, Donostia eta Afrikako hainbat herrialdetan bizi izan naiz, baina arrazoi duzu, bai, donostiar kutsuko uda atera zait. Lehendabiziko diskoa amaitu nuenetik, gogoa nuen udari disko bat eskaintzeko, eta, nagoen tokian nagoela, nire buruan udak Donostiaren irudia du (eguraldi onarekin!). Izenburua 2008ko uda donostiar batean irakurri nuen Marcel Proust-en Los Placeres y los dias liburutik atera nuen, eta diskoan islatu nahi izan ditudan sentsazioak eragin zizkidan.


Nolakoa izan da diskoa egitearen prozesua? Nola konposatzen duzu? Argi izaten duzu dena grabatu aurretik, ala espazioa uzten duzu grabazioan sor daitezkeen ideietarako?

Egia esan, ez dut espazio gehiegi uzten estudioan sor daitezkeen ideietarako. Ahalik eta hobekien jotzen eta soinu onena lortzen saiatzen naiz. Estudiora sartzen naizenean oso argi dut zer nahi dudan eta moldaketa bakoitza oso pentsatuta egoten da. Prozesuari dagokionez, gitarrarekin konposatzen dut eta, bitartean, ahots-lerroak, celloa, tronpeta edo dena delako doinuetan pentsatzen joaten naiz. Aurreratu samar dagoenean, hitzak idazten ditut sortzen dizkidan sentsazioen arabera. Disko honetan berrikuntza nabarmen bat dago: Iñaki Irisarri (Café Teatro) donostiarra baterian eta Håvard Enstad norbegiarra pianoan eta celloan lagun izan ditut. Haiekin biltzen nintzen, banaka, zati ezberdinak konposatzen genituen, eta, gero, hirurak biltzen ginen ensaiatzeko. Luxu bat da gisa horretako musikariekin lan egitea, kantuak beste maila batera eramaten lagundu didate.

Hitzei dagokionez, lehendabiziko entzunaldian, batek uste du hitzen esanahia sinplea dela, baina kantuak entzun ahala hitzen gaitasun iradokitzaileaz jabetzen hasten zara. Ez dago hitzik soberan, dena bere tokian dagoela dirudi, eta suposatzen dugu horrek guztiak dirudiena baino lan gehiago eskatzen duela... Horrela da, ala besterik gabe gure lasto txiki mental bat da?

Ez, ez, hala da guztiz. Hitzek sinpleak dirudite baina oso serio hartzen dut alor hori eta denbora asko ematen dut idazketa prozesuan: hitzak aukeratu, doinua... Oso tarteka egin dut letra oso bat jarraian; normalki asko itzultzen naiz idatzitakora, eta nahita egiten ditut laburrak. Uste dut esan nahi dudan guztia esaldi horietan dagoela, eta estrofa gehiago gehitzen badut mezua galdu egiten dela.

Diskoa. Objektua. Zer iruditzen zaizu Primoren lana? Zein punturaino da musikarako garrantzitsua eta osagarria diskoaren kontzeptua eta diseinua?

Niretzako ezinbestekoa da diseinua eta diskoaren kontzeptua. Izugarria da diseinuak kantuen pertzepzioan joka dezakeen papera, eta alderantziz. Azalak eta diseinuak barruko kantuek trasmititzen dutena islatzen ez duen diskorik ezingo nuke kaleratu. Primo-k egin duen lana liluragarria da alor horretan, ez soilik diseinua eta kontzeptuarekin baizik eta nik musikarekin esan nahi dudanera ere moldatzen jakin izan duelako. Egia esan, oso pozik nago diskoaren artwork-arekin.