hurrengoa
queequeg-en bihotza pekos pantxinet   I  pekos pantxinet Pasa berri den udan Belem belauntzian itsasoratu naiz. Frantziako azken belauntzi komertzial handia da. 1896an eraiki zuten, Brasiletik eta Antilletatik kakaoa ekartzeko. Egun, marinelentzat eskolak ematen dira bertan, eta gisa horretako nabigazio tradizionalarekin maiteminduta dauden turista dirudunak paseatzen ditu. Eta turista dirudunak dauden tokian, honez gero jakin beharko zenukete, han da Pekos Pantxinet!
Atuntxiki bat arrantzatu eta itsasontziaren bizkarrera igo bezain pronto, David izeneko azpiofizialak patrikatik labana atera zuen, atuntxikiari ebakia egin eta eskuarekin bihotza atera zion. Bihotza eskuan, buelta eman eta karelera gerturatu zen. Itsasora bota behar zuela iruditu zitzaidan. Une hartan, Moby Dick-en atzetik zebilen Ahab kapitainaren Queequeg arpoilariaren antza hartu nion Davidi. Bere izen polinesiarra esan zidan itsasoratu nintzen egunean, baina ez nuen oroitzen. Tripulazio guztiak David esaten genion. Orain itsasora itzuliko du atuntxikiaren bihotza. Ez nuen asmatu. Labanaz bihotza zati txikitan moztu, eta jaten hasi zen. Ahotik bihotz beroaren lurrina zerion. David hari begira nengoela konturatu zen, eta bere herrialdeko ohitura zela esan zidan; zatitxo bat eskaini zidan. Ezetz esan nion, baina berak harrapatutako atuntxikia prestatzeko ideia eman zidala esan nion. Atuntxikia berehala sukaldera eraman nuen, eta limoiarekin eta han genituen lau belarrekin marinatu nuen. Ez zen David azpiofiziala izango atuntxikiaren arima bereganatuko zuena. Gau hartan, ¨ceviche¨ ederra izan izan genuen afaltzeko.


Ceviche ¨a la Queequeg¨

errezeta:

Baratxuria, zilantroa, piper beltza eta apioa txiki-txiki pikatu, eta limoi zukuarekin nahastu. Atuntxiki fresko-freskoa zati txikitan moztu, eta 30 minutuz marinatzen utzi prestatu berri dugun limoi eta belar saltsan. Mahaira atera aurretik, gatza bota eta, nahi izanez gero, fin moztutako tipularekin atera.