audioa arkaitz villar
hurrengoa

Curumin

Japan pop show·Adrenaline music

Erdi brasildar erdi japoniarra den musikari gazte honek nolabaiteko nazioartetasuna bilatu du bere lan berrian. Orain arte brasilgo tradiziotik eraikitako kantuak sortzen bazituen, kanpora begira jarri eta oinarri hip hoperoak erabili ditu kantu berrietan. Brasilgo doinuen presentzia "garbiago" bat erakusten digunean gustorago entzuten badugu ere egile baten konfirmazioaren aurrean gaudela esan dezakegu.

hurrengoa

Francoiz Breut

Á l'aveuglette·T-Rec-Green Ufos

1997an lehen diskoa argitaratu zuenetik bere ibilbidea lasai baina sendo gauzatu du Francoiz Breut musikari eta ilustratzaileak. Hasiera batean, Dominique A, Calexico edo Yann Tiersen bezalakoen babesean lan egin bazuen ere, oraingoan biluztu eta bakarrik sortu ditu lan berriko kantuok. Nahiz eta maitasunaren gabeziez abestu, beti bezain sentikor entzun dugu lan berri honetan.

hurrengoa

Discípulos de Dionisos

Los enigmas de la conducta humana·Baga Biga records

Diskoaren titulua irakurrita inoiz baino sakonago datozela dirudi. Baina Discipulos de Dionisosek argi du bere bidea: porno punka eta kantu azkar bezain efektiboak. Zuriz jazten duten horietakoa bazara, seguruenik izutu egingo zaituzte ohiko letra zuzen eta zikinek. Eskenatokian tontakeri gutxi darabilen taldeak errepidea hartu du eta ikuskizuna hasi besterik ez da egin.

hurrengoa

Crystal Antlers

Crystal Antlers E.P.·Self released

2006an Kaliforniako hegoaldean sortutako talde honek rockaren alderdi psikodeliko eta bortitzena lantzen du. Egitura abstraktuak dira nagusi eta Mogway eta Mars Volta (Ikey Owens arduratu da ekoizpenaz) artean kokatu dezakegun punkaren eragina ere aurkituko dugu, batez ere sormen eta intentsitate, abiadura eta iraupenari kasu egiten badiegu. Esperimentaziotik haratago doan zarata bola.

hurrengoa

Nacho Vegas

El manifiesto desastre·Limbo Starr

Etenik gabeko ibilbidea darama Nacho Vegasek azkeneko urteetan. Bidea kolaborazio eta elkarlan ezberdinak eginez eraiki du gainera. Orain ordea 2005ean alboratutako bakarkako ibilbideari heldu dio berriz. Paco Locoren ekoizpena eta John Agnelloren nahasketen laguntzarekin eta aurreko elkarlanetan sortutako eraginak alderatu gabe amildegitik ihesi dabiltzan kantuz bete du lan berria.

hurrengoa

Luomo

Convivial·Huume recordings

Sasu Ripatti finlandiarrak bi urte behar izan ditu "Paper Tigers" lanaren ondokoa argitaratzeko. Bere lanak deitura ezberdinekin argitaratzen ditu eta minimal techno eta housearen norabidean ezinbesteko lanak argitaratu ditu. Kolaborazio ugari datoz lan berri honetan, sortzaile eta abeslarien arteko mugan zubiak eraiki eta abestiei bestelako dimentsioak ekarri die. Ez du lehen diskoetako freskotasuna baina aukerara ematea merezi du elektronika berritzaileena markatu duen artista honek.