audio arkaitz villar

Split 77

Split 77

Indartsu hasten da Split 77 taldearen disko berria. "Supermerkatuko neska", anfetaminez josita dagoen kantua. “Euskal hiria gauez” dio diskoa aurkezten duen prentsa oharrak. Ondo definitua. Lan borobila da, iluna eta dantzagarria, gauean sortua eta gauerako egina dagoena. Bai, Split bueltan da. Bazen garaia!

Denak ez du balio: singles 1997 – 2007

Berri Txarrak

Bost disko grabatu zituen Berri Txarrak taldeak Gor Diskoetxean. Bostak dira ezinbesteko euskal rockaren azkeneko hamarkadan. Txap-ek berriz masterizatu dituen 22 kanta dira. Berri Txarrak, Ikasten, Eskuak/Ukabilak, Libre eta Jaio.Musika.Hil diskoetako abesti onenak aukeratu dituzte jarraitzaileen laguntzarekin.

The ArchAndroid (Suites II and III)

Janelle Monae

Azkeneko urteetan entzun dudan debutik onena egin du Janelle Monaek. Irudia bakarrik zaindu beharrean, kantu onak egiteaz ere arduratzen dela erakusten du. “Tightrope”, “Faster” edo “Dance or die” bezalako abestietan r&b, funk eta soularen gailurra ukitzen du. Melodia hilkorrak osatzeko gai da, gainera. Beyonce arduratuta ibiliko da dagoeneko.

Ezarian

Lisabö

Esan Ozenkik 2.000 urtean argitaratu zuen diskoa deskatalogatuta bazegoen ere, Bidehuts-ek berriz kaleratuko du Ezarian. Biniloan erosteko aukera egongo da, gainera, aurretik ez bezala. Ezarian ez da hamarkada baten lekuko bakarrik, belaunaldi batean zuzenean eragin zuen diskoa da. Lisabö-ren lana denboran iragangaitza da. Ezinbestekoa, bildumazalea bazara.

Don Inorrez

Bide Ertzean

Leidor Sessions diskoak ekarritako parentesia eten du Bide Ertzean-ek Don Inorrez lanarekin. Pop diskoa da, aurrekoak bezala, melodia eta konponketa txukunak erakusten dituena. Denborarekin abesti perfektuak sortzeko gai bilakatu dira, eta betiko kutsu goxoa darien abestiak sortu dituzte. Apustu segurua da Bide Ertzean.

Era

Zea Mays

Egun, Euskal Herrian, rock talderik izatekotan, Zea Mays da hori. Urteen esperientziak bere alde egin du, eta soinu sendoa lortzen du argitaratzen duen disko bakoitzeko. Aiora Renteriaren abesteko estiloa barrenak astintzen dizkizun horietakoa da. Osoak izan nahi dutela abesten dute, entzulearen emozioak osorik harrapatzeko gai diren bitartean.