paper
hurrengoa

bulkada

jon benito

Bere sen literarioa hilda zegoela aitortu zigun behin. Gu bai atsekabetuak orduan! Komikizaleok badakigu, ordea, hil eta gero gure heroiak noizbait piztuko direla berriz. Eta hala gertatu da. Berpiztu da Jon Benito olerkaria, idazlea; Vladimir eta Kevinekin batera, guretzako beti heroia izango dena. Piztu ez ezik, aingurak altxa, branka zorroztu, belak hedatu eta bulkadaz abiatu du itsasontzia. Alimalezko esfortzua egiten imajinatzen dugu, bere bizitzarekin kontuak kitatzen eta idazten, lemari eusten zion bitartean. Hunkigarria eta gordina, bikain idatzia. Izan ere, Nitasuna-tik bere buruari buruz ari denean, Gutasunari buruz ari dela ulertzen dugu. Hala ulertzeko pribilejiatutzat dugu gure burua behintzat. Horregatik ere dugu gure heroien artean.

hurrengoa

gaur egungo behiak

gorka velasko

Gorka Velasco Kantauri Institutuko Batxilergoko marrazketa, plastika eta informatika irakaslea da, eta bokazioa duenik ezin ukatu. Gaur egungo BeHIak liburua kaleratu du, eta hezkuntzaren inguruko hausnarketak eta arnasketak eskaintzen dizkigu bertan. Hitzez eta marrazkiz. Komiki tira formatua erabili baitu horiek kaleratzeko. Eta Behiak, hain zuzen ere, hitz jokorako aproposa zitzaion animalia. Irakurketa anitzeko egoera eta pentsamendu ironiko edo eta kritikoak batzuetan, umorez eginiko galdera edo eta erantzun zuriagoak besteetan…. egileak bere kasa argitaratu du komiki tira liburu hau, eta jarrera ausart hori guri asko gustatzen zaigula badakizue.

hurrengoa

jirafas en mi pelo: una historia de rock and roll

bruce paley & carol swain

Nobela grafiko izenez datozkigun komikiek urrezko aro modukoa bizi dute azken hamarkadan. Liburudendara joan eta ia beti dago argitalpen berririk. Guk irakurri dugun azkenekoa Bruce Paley-k idatzia da, eta haren bikoteak, Carol Swain-ek marraztua. 60-70eko hamarkadetako Jack Kerouac baten moduko bidaia autobiografikoa kontatzen digu Paleyk. Ilunenak izan arren Jhonny Thunders eta garai hartako New York-i eskainitako atala dira gehien gustatu zaizkigunak.

hurrengoa

eromenaren mendietan.

h.p.lovecraft

Euskaraz argitaratzen den literaturan ez zaio zientzia fikzioari jaramon gehiegirik egiten. Lovecraft gure faboritoa ez den arren, eskertzekoa da beti ¨generoko¨ obra hauek itzultzen eta argitaratzen direnean. Kontakizun honetan Antartidara eginiko espedizio baten kontakizuna egiten zaigu. Abentura bidaia baten moduan hasten dena, bat batean guztiz aldatzen da, kobazulo batetan 14 fosil topatzen dituzten momentuan. Une horreratik aurrera, Lovecraft-ek maisuki sortzen dituen giro estrainoetara murgilduko gaitu liburuak. Liburu guztia lehen pertsonan kontatutako txosten formatuan dago idatzia, eta horrek ikuspuntu berezia eskaintzen dio narrazioari.