The party ain´t over
Wanda Jackson
Jack Whitek White Stripes desegin badu honelako diskoak egiteko, pozten naiz. 67 urte dituen Wanda Jaksonek bere laguntza izan du disko hau grabatzeko, eta emaitza paregabea da. Rock n´roll eztanda, luxuzko banda baten babesean, eta generoaren klasikoen bertsioek osatzen dutena. Elvis Presleyren neskalagun izan zenak gerria oraindik sutan duela erakusten duen diskoa.
Let England Shake
PJ Harvey
PJ Harveyren zortzigarren estudioko lana bere ibilbidean argitaratu duen politikoena da. Irak eta Afganistango gudak hartu ditu oinarritzat, eta, besteak beste, Dali eta Goyaren margolanak erabili ditu abestiak sortzeko. Bazen garaia indie-ak joera politikoa lantzeko. Eta “The glorious land” bezalako kantu poetikoei umorea gaineratuta, askoz hobe. Lan erraldoia.
We once wished
Ainara Legardon
Ainara Legardonen disko berriaren intentsitatea “Thirsty” bezalako kantuek erakusten dute. Lan gogorra da, amorruz betea datorrena, eta Legardonen pertsonalitate handia erakusten duena. “You cave me” eta “Evil eyes” kantuetan erabiltzen duen gitarra eta ahots auskorrak barruraino sartuko zaizkizu. Diskoa handitzen laguntzen duen giro berezia lortzen du “Before waking up” bezalakoetan. Indarberritzen zaituen txutea da disko hau.
James Blake
James Blake
Duela urte batzuk Burialek, proposamen ilun baina dotore bati esker, modan jarri zuen dubstep eszena. James Blakek bide bera landu du nahiz eta honen kasuan eguzkiak gehiago argitzen duen bere logela. Ahots jokoen erabilera ezberdinei esker dubstep – soul lan sendoa argitaratu du. Modernoa izatea ez da beti aspergarria izatea.
Cookie dough
Wildcookie
Suediatik dator notizia. Freddie Cruger ekoizlearen eta Anthony Mills abeslariaren proiektu berriaren lehen diskoa da hemen erakusten dizuguna. Jamaika eta Afrikako doinuen eragina erakusten duen Hip hop, soul eta elektronika nahasketa dakar. Igandeetan mendira joan gabe gailurra aurkitzen lagunduko dizu “Heroine” abestiak. Edo zerua.
Megaflow
Za!
Kataluniatik dator Za! bikotea. Ez dute ezer berria asmatu, baina aldi berean dena asmatu dute. Proiektu esperimentalek askotan erakusten duten joera ulerkaitzari aurre egin, eta bere buruaz barre eginda disko ezberdin eta interesgarria sortu dute, Macumba o muerte diskoaren jarraipena. Eguna alaituko dizun lan dibertigarria osatuta, estilo askotako irabiakia sortu dute.