hurrengoa
chung ling foo eta chung ling soo. mago bat bitan banatuta. uxeta labrit   "I'll eat the way they do,
with a pair of wooden sticks, And I'll have Ching Ling Foo,
Doing all his magic tricks. I'll get my mail from a pale pigtail,
For I mean to sail, From here to Shanghai."

Irving Berlin "From Here to Shanghai" (1917)

Egun, magiak, "magia" asko galdu du. Teknologiari esker, azken urteotan, trikimailu eta magia emanaldiak garapen handia izan dute. Baina garapen honekin batera, ikuslegoaren sinismen maila ere aldatu egin da. Duela ehun urte, zine emanaldietan, pantailan trena ziztu bizian gerturatzen zela ikustean jendeak lasterka ihes egiten zuen. Teknologiak aukera berriak ekartzen ditu, baina gure sinismen maila ere izugarri aldatzen du. XIX. eta XX. mendeek bat egin zuten garai hartan, magoak, ilusionistak, "benetako" botereak zituzten pertsona bereziak ziren. Garaiko teknologia gorena erabiltzen zuten euren ikuskizunak garatzerako orduan, eta teknikoki mago handiak izateaz gain, aktore, hizlari eta plazagizon iaioak ziren. Literaturak eta zineak jorratu du garai hura eta ezagun bihurtu du nagusiki Houdini magoa. Baina Houdiniren garai berean izan ziren bere moduko mago liluragarriak. Jarraian, magiaren historiaren eskenatokiko gunerik ilunenera sartuko zaitugu mago bera ziren bi pertsona aurkeztera. Nola? Bat...Hustu zure pentsamendua...Bi...segi ondoren datozen lerroak irakurtzen... Hiru... bazen behin Chung Ling Foo izeneko mago txinatar bat...
Beijing-en jaioa, txinatar magia tradizionala ikasi zuen eta bere herrialdean famatu bihurtu zen berehala. Bere trikimailurik ezagunenen artean, ezpataz burua moztu ostean eskenatokia oinez uzten zuen haurrarena edo eta balde huts bat urez bete eta handik haur jaio berri bat ateratzen zuenekoa. Bere famak erakarrita, enpresari batek AEB-tara joateko gonbitea egin zion 1898. urtean. Bere ikuskizuna iragartzeko 1000 dolarreko saria eskaini zuten baldea eta urarekin egiten zuen trikimailua asmatzea lortzen zuenarentzat. William Robinson izeneko zale batek eskaintzari baiezkoa eman eta trikimailua egingo zuela esan zuen. Foo-k ez zion jaramonik egin. Orduan Robinson-ek saria eskuratzeko aukera ez zuela izango konturatzearekin batera, bere zaletasuna bizibide bihurtu eta bide batez mendekua hartzeko modua topatu zuen. Txinatar estiloko magia ikuskizuna garatu eta Chung Ling Soo izena hartuta Europara abiatu zen. Une hartan hasi zen bizitza osorako iraungo zuen Chung Ling mago bien arteko lehia.
Chung Ling Soo-k, Chung Ling Foo-ri hainbat trikimailu kopiatu eta Londonen "ekialde urrunetik" ekarritako bere emanaldia antzezten hasi zen. W.Robinson-ek oso serio hartu zuen bere nortasun txinatar berria eta ez zuen inoiz hitzik esan eskenatokian eta elkarrizketetarako itzultzaile bat eskatzen zuen beti. 1905. urtean, Londoneko bi antzoki ezberdinetan Foo-k eta Soo-k euren ikuskizuna eskaintzen zuten. Bien artean liskar ugari izan zen eta bakoitzak bere burua "magia maisu txinatar" bakartzat aurkezten zuen. Foo-k, behin eta berriro gonbidatu zuen Soo magoen arteko lehia batetara baina honek beti ezezkoa ematen zion Foo bere kopia txar bat besterik ez zela esanaz.
Sook-ek gainera gure egunetaraino iritsi den ikuskizun berezi bat sortu zuen bere emanaldietarako. Ikuskizun honetan, pistola batek bere kontra botatako balak eskuarekin eta hortzekin harrapatzen zituen. Bere lankide batek bala bat ikuslegoko norbaiti markatzeko eskatzen zion. Gero bala hori bereziki prestatua zegoen pistola batetan sartu eta Chung Ling Soo-ren kontra tiro egiten zuen. Bala ordea ez zen inoiz pistolatik ateratzen. Tarte horretan "ekialde urrunetik etorritako magia maisuak" ikuslearen marka ikusi, eta inor jabetu gabe, berak gordetzen zuen balan kopiatu egiten zuen. Fama handia lortu zuen ikuskizun honekin eta Soo-ren izena Foo-rena baino ezagunagoa egin zen. Munduko mago ezagunenetarikoa bihurtu zen pistolaren ikuskizunarekin, 1918. urteko Martxoaren 23an trikimailua gaizki atera zen arte. Dirudienez erabiltzen zuten pistola gaizki garbitu eta bertan sartutako bala ez zen zegokion tokian ezkutatu. Lankideak bularrean tiro egin zion eta Soo lurrera erori egin zen eta hasperen artean "Oh my God. Something's happened. Lower the curtain." ( "jainkoarren...zerbait gaizki atera da. Jaitsi teloia") esan zuen. 19 urteetan publikoki ingelesez esan zituen lehendabiziko hitzak, azkenekoak ere izan ziren.
Soo-ren emazteak trikimailuaren berri eman behar izan zion hurrengo egunean epaileari. Istripu bat izan zela deliberatu zuen epaileak, baina zurrumurruek Soo-ren managerra eta emazteak zerikusia izan zutela zioten. Amoranteak ziren eta Chung Ling Soo magoa gainetik kentzeko krimen perfektua asmatu zutela esan zuenik izan zen.
Zuetako baten batek galdetuko zion bere buruari...Nola otu zaio norbaiti bi pertsona ziren mago baten istorioaren inguruan artikulua egitea? Bat... mago traidoreen moduan gure trikimailua azalduko dugu...Bi, Irving Berlin konposatzailearen inguruan irakurtzen ari nintzela (besteak beste White Christmas, God Bless America,...eta Broadway-ko hainbat antzezlan sortu zituenak) artikuluaren hasieran duzuen kantuarekin topo egin nuen ...Hiru...esnatu...