hurrengoa
“x’ed out” tintin, burroughs & burns julen azpitarte   Charles Burns (Washington, 1955) komiki egilearen lan berria iritsi da gurera: X’ed Out. Albiste bikaina da zaleontzat, egun aurki daitekeen autore interesgarrienetarikoa baita, ezbairik gabe. Horren erakusle 80ko hamarkadaz geroztik plazaratu dituen lanak, besteak beste, Big Baby, Skin Deep, eta, batez ere, Black Hole.
X’ed Out, neurri batean, Black Hole maisulanetik gertu dagoen obra da, oraingoan ere, bazterreko nerabeak baitira kontakizunaren protagonistak. Doug izeneko gaztea 70ko hamarkadako punk eszenan murgilduriko arte ikaslea da. William Burroughs idazlearen testuak ardatz dituzten performanceak egiten ditu, Tintin komiki pertsonaiaren mozorroa soinean duela. Era berean, Sarah argazkilari misteriotsuarekin maitemintzen da.
Doug, Charles Burnsen alter egoa dela esan daiteke, artista estatubatuarraren nerabezaroko ezaugarri asko bereak egiten baititu, tartean, punk rock zaletasuna. Narrazioaren alde errealista hori bere ohiko estilo itzaltsuarekin irudikatu du Burnsek. Istorioaren bigarren ildoa, berriz, protagonistak bizi duen esparru oniriko-depresiboak osatzen du, eta hor aurretik aipaturiko Tintinen estilo franko-belgiar koloretsua, eta William Burroughsen prosa haluzinagarria, –biak ala biak autorearen gaztetako obsesioak–, uztartzen ditu.
Horrela, kontakizuna bi maila zeharo ezberdinetan, baina erabat osagarrietan, gauzatzen da, David Lynch zinemagileak diseinatuko lukeen egunerokotasun ilun eta artegagarria erdiesteko.