hurrengoa
slow fashion. tytti thusbergekin hizketan    “Weareable art: jantziak egiten ditut material birziklatuekin. Fantasiazko jantziak dira, desfiletan erabiltzeko bakarrik, ez kalean janzteko. Nire galdera hau zen: zergatik goi-mailako desfileetan hain jantzi anti-praktikoak egiten dituzte luxuzko materialekin? Zergatik ez egin jantzi horiek hondakin edo material txiro dotore batzuekin?
Behintzat, kasu horretan, materialen kostuak ez dira handiak. Dena den, ez nago goi-mailako di seinatzaileen kontra; horien artean talentu on eta zoragarri asko dago.
Arte erakusketak egiten ari naiz; horietan jantzi formako eskulturak daude, ikusteko baino ez, eta hausnarketa txiki bat egiteko. Eskultura bakoitzak bere historia eta izenburua dauka. “Dotoretasun birziklatua” da erakusketa horien izenburua.
Kaleko jantziak ere egiten ditut, bigarren eskuko oihalekin edo fabrikazio baten “jantzi-hondarrekin”; etorkizunean kotoi organikoa erabiltzeko asmoa daukat. Jantzi horiek guztiz praktikoak dira, errazak erabiltzeko, eta garbigailuan sartzeko modukoak. Beraz, ez dut nire burua material berriekin egitera mugatzen, baina material horiek baldintza etiko batzuk bete behar dituzte.

Zer da “slow fashion”?
Nire kasuan, “Moda mantsoa” izena orain dela zazpi urte erabili nuen lehenengo aldiz, jakin gabe horrelako nazioarteko mugimendu bat zegoela. Moda mantsoa / moda lenta / slow fashion izeneko arte proiektu bat erakusteko egin nuen.
Moda mantsoa / slow fashion izenburua gustatu zait, kontradikzio bat delako. Moda kontsumismoarekin eta produkzio azkarrekin lotzen da askotan. Nik, diseinatzaile bezala, zerbait iraunkorragoa sortu nahi nuen, zerbait “atenporala”, zerbait arimaduna, nire estilokoa, independentea, modako koloreak eta formak kontuan hartu gabe, baina bai nire barruko sentimenduak eta kontzeptuak irudikatuz. Eta hori dena “bidezko produkzioarekin”, bai ingurumenarekiko, bai pertsonen lan eskubideekiko errespetu osoarekin.
Zure lanaren atzean hausnarketa bat badago, baina kontzeptua edo abiapuntua gainditu, eta material birziklatuekin erabilgarriak diren jantziak egitea zer puntura arte da garrantzitsua? Material birziklatuak erabiltzen dituzu lehengai onak direlako ala zure buruari jarritako ¨kondizio¨ bat delako?
Diseinatzaile bezala, moda etikoa eta iraunkorra egiten saiatzen naiz. Ez nago ados, adibidez, lan baldintza batzuekin (beste herrialde batzuetan gertatzen direnak, esate baterako Txinan, Indian…) edo material batzuen jatorriarekin. Adibidez, kotoiaren fabrikazio prozesua oso kutsagarria da, eta nik ez dut kutsadura horretan parte hartu nahi. Erabaki etikoa da. Fabrikazio edo lan baldintzak etikoak betetzen badituzte, ondo. Nik, orain arte, produkzio guztia hemen, Euskal Herrian, Donostiako Egia auzoan egiten dut.
Ez al duzu zure burua mugatuta ikusten lehengai ¨berriak¨ ez erabilita?
Mugagabeago ikusten dut, ordea. Betiko oihalek bai mugatzen dute zure emaitza. Material birziklatuekin, aldiz, edozein gauza sortu dezakezu, baina kontuz, horren alde bat zaintzen dut arretaz eta arduraz: ez sortzea edozein “txapuza” edo ergelkeria itsusia. Hondakin batean dotoretasun potentziala ikusten saiatzen naiz; aurkitzen badut, aurrera egiten dut, baina beti arduraz jokatzen estetika eta erabilpena bermatzeko.
Diseinu Iraunkorraren lehendabiziko nazioarteko foroan parte hartu duzu, Kosta Rican. Zer nolako esperientzia izan da?
Oso esperientzia aberatsa izan da, gehien bat ezagutu dudan jendearen aldetik. Pertsona zoragarriak ezagutu ditut. Diseinu iraunkorrari buruzko gure kezkak eta esperientziak partekatu ditugu. Berdin da munduko zer tokitatik zatozen, sentsibilitate beretsuak baldin badaukazu. Diseinuaren hizkuntza nazioartekoa da, eta, diseinu iraunkorra baldin bada, are gehiago. Kosta Rica oso lurralde aberatsa eta interesgarria da; ingurumena zaintzeko proposamen asko ditu, mikroklima asko. Oso leku aproposa zen horrelako foro bat egiteko.

jantziak: neumatiko jantzia firentzeko benedetta orsolirena da. Zaku ohialez eginikoa washington-ko jane pounds-enak dira. Beste guztiak, euskarari doinu suomiarra ematen dion tytti thusbergenak. argazkiak : aitor goenaga, alar basurko, amaia gazta aldalur, irati aguado bejarano, ivan mazzei, marisa arbide bufi, nekane lazkano vargas, olatz salaberria, patricia imbert. guztiak gisli ari hafsteinsson argazkilariaren gidaritzapean