hurrengoa
bertsolari: eta hitza film bihurtu zen    Bertsolaritzaren inguruko filma izanik, hitzak protagonismo handia du Txintxua films-ek azken 3 urteotan ekoiztu duen pelikula honetan. Baina ez da protagonista bakarra. Bertsolariak, kantatzen hasi aurretik buruan darabilen hitz zurrunbiloa bertso bihurtzen duen moduan, Asier Altunak, primeran jakin du bertsolaritzaren inguruan jasotako hitz meta irudi bihurtzen. Bertsozalea ez denak, topikotik haratago doan mundu aberats eta anitza deskubrituko du eta bertsozaleek, ezaguna duten mundua begi berriekin ikusteko aukera izango dute. Atariko saioa, Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean izango da. Ondoren, zinema aretoetan arituko da Bertsolari. Bertsolaritza zer den
nola esplikatu?
Zalea hondar eta
bertsoa olatu,
bertsolari bakoitzak
behar du hautatu
surfeatu nahi duen
edo buzeatu.

Oholtza amildegi
lainotsu eta beltz,
hitzen pertigarekin
saltatzea amets.
Saio borobilean
akats oro da ertz,
baina erori arren
berriz bota baietz!

Egindako bidea
berriro bide da,
egina deseginez
oinetik oinera.
Bertsolariak doaz
atzekoz aurrera
ala mundua doa
aurrekoz atzera?