hurrengoa
diogenesen kluba dsastre   Zuetako askok Gipuzkoako Aldundiko KM Kulturgunea ezaguna duzue; ikasten ari zinetela esan, eta parean eserita zegoen ezezagunari begira orduak eman dituzue bertan. Edo, “worldmusic”-a modan jarri zenean, CD ugari hartu eta graba... zera... entzun egin duzuelako, esate baterako. Gainera, hainbat jende ospetsuren liburuak han gordetzen eta mailegatzen dira, edo hori diote zurrumurruek. Azken boladan, bi perla berri azaldu dira KMK-n. Ezohikoak eta aparteko kutsua dutenak, hain zuzen ere. Bildumatzailea da bilduma
KMK aurretik, Aldundiaren jauregiko liburutegian, liburuak paperezko fitxa ulergaitz batzuen bidez eskatzen ziren. Gu ikasle ginen, eta Luis Gasca Donostiako Zinemaldiko zuzendari ohia zen horrez gero. Zinemazale amorratua izateaz gain, bildumazale amorratua. Haren bildumak, bilduma orok bezala, bere obsesioak biltzen ditu: irudia, komikia, zinema... Noizbait, nonbait, ikono bihurtu diren irudiak ditu oinarri bilduma horrek. Bai pop garaira eramaten gaituelako, bai eta kultur kudeatzaile askok inoiz kultura instituzionalean sartuko ez lituzkeen aleak gorde eta balorizatu dituelako, bilduma pop-ularra da Luis Gascarena.
Bilduma honen osagaien artean, bi dira nabarmendu nahi ditugunak. Batetik, gaiaren arabera sailkatuta dauden zientoka karpeta. Puri-purian izandako pertsona, pertsonaia, afera, filma... Gasca jaunaren arreta eskuratu eta inspiratu duen orok, merezi izan du irudiz eta errekorteez betetako karpeta bat. Bildumak egiteko teknika pop-ularra bezain herrikoia erabili du bildumatzaileak. Izan ere, ez bazen hor copy-paste teknika asmatu, ia-ia. Guraize, kola, paper eta zale edo “fans”-aren irizpidea izan da berea. Ikuspuntu horretatik, badu bere ukitu fanzinerosoa. “Fans” batek eginiko magazinea ez bada, bai, ordea, fans batek eginiko karpeta piloa. Fanzine-tik “Fanpeta”-ra doan bidea jorratu duela esan genezake.
Gascaren bildumaren bigarren ezibesteko osagaia komikiak dira. Hor ere, bildumagilearen bizitza eta interes kulturalak atzeman daitezke, beti ere kultur instituzionaletik aldentuta. Nabarmena da, halaber, garai bakoitzean ekoizten zenaren balio kulturala gordetzeko asmoa. Horregatik, komikirik interesgarrienak 50 urte baino gehiago dutenak eta bildumagileak lortutako orijinalak iruditzen zaizkigu.
Pop-etik, Punk-era? Masa kontsumotik autoediziora
Aurreneko funtsak islatzen zuen kultura begi-bistakoa izateagatik orain arte gutxiestua izan bada, interesatzen zaigun bigarren funtsa guztiz ikusezina izateagatik izan da arbuiatua. Autoedizioek ez omen zuten baliorik, egile anominoek ez baitzuten izen handirik. Hori, baina, ez zen guztiz egia. Gizabanako batek bere jakinmin bera duten bestelako pertsonei zuzendu nahi izatea da gizartearen ardatzetako bat. Napartheid-ek urtez urte bildutako fanzine kolekziñua duzu zain Aldundian: Fanxinoteka. Gaztetxez gaztetxe ibili ondoren, urte luzez egon da Artelekun gordeta. Orain, berpizteko bidean da, Napartheid-ek internet aurreko mundu osoko 5.000 bat fanzine (erran nahi baita: mundu osokoak) utzi baititu gordailuan, Aldundian bertan.
Bi bilduma hauek kultura kontzeptuari buruzko hausnarketa ugari sortzen dute, eta pop- ular kulturatik kultura herrikoira doan bidea ulertzen laguntzen dutelakoan gaude.