paperpapers
hurrengoa

heriotzak

josu waliño

Ospitaleko ohean zaude, tutuz eta aparailu elektronikoz inguratuta, eta gauero heriotza etortzen zaizu bisitan. Harekin joateko gogoa izanez gero, eskutik hartu eta ohetik altxatu besterik ez duzu. Baina bisitaria etorri den bidetik bakarrik itzul dadin nahi baduzu, zerbait egin behar duzu. Eta zerbait hori istorioak kontatzea da. Horixe egiten du liburu honetako protagonistak. Sherezade-ren Mila gau eta bat gehiagoren moduan, ipuinei esker egun berri bat irabazten dio gauari. Eta heriotzak, kasu honetan, ipuinak entzuten jarraitu nahi du, jakin badakielako, azkenean, berak irabazten duela beti.

hurrengoa

zamaontzia

iñigo aranbarri

Zamaontziak izena ematen dio liburuari. Liburua, baina, atoiontziarena egiten duela uste dugu. Euskal literaturaren atoiontziarena, alegia. Izan ere, Aranbarri oso aurretik eta ezin indartsuago doala iruditzen zaigu. Haren idazkerak bikain uztartzen ditu hizkuntza herritarra eta estilo gorena. Ezin bata bestea gabe ulertu. Erabateko naturaltasunez. Ez da jakintsu, aditu edo txirriporro batek idatzitako liburua. Guztiz kontrakoa. Idazkera gutxi ez, eta bagak arrapaladan iritsi eta busti egiten gaituzte, gizakien arteko harremanak islatzean. Liburua enbata eguna bezalakoa da, non eta bagak bata bestearen atzetik iritsi eta busti egiten gaituzten, hezurretaraino. Bakardadea, koldarkeria, utzikeria... gainditzeko, elkartasuna, erraietatik hasten dena. Atoian eramaten gaituena. Ezinbestekoa.

hurrengoa

logicomix

Apostolos Doxiadis, Christos Papadimitriou, Alecos Papadatos

Irakurriko al zenukete logikaren inguruko hausnarketa filosofiko matematikoak jorratzen dituen komikirik? Beno, ba, guk kontrakoa gomendatzera gatoz. Bertrand Russel matematikari eta pentsalariaren bizitza ardatz hartuta, logikak historian zehar izan dituen gorabeherak, eta egiaren bila aritu diren pentsalarien arteko adostasunak eta desadostasunak erakusten dizkigu komiki honek. Erronka handia izan da Apostolos Doxiadis, Christos Papadimitriou eta Alecos Papadatos egileentzat, baina komiki sakon bezain entretenigarria egitea lortu dute.

hurrengoa

pez fanzine

mon magan

Mon Magan izeneko tipo batek kaleratzen du fanzineen fanzina deritzon argitalpen hau. Zenbaki bakoitza tematikoa izaten da. Gai baten inguruko fanzineen eta era bateko zein besteko artefaktu komunikatiboen bilduma egiten du. Azkenekoa, Errusiar fanzineei eskainia da. Saretik deskargatu eta inprimatu daiteke, kolaborazioetara irekia dago, eta lau hilabetekaria da. Eskura ezazu, edo bilatu sarean... Guk, honez gero, pista dezente eman dizkizugu.