hurrengoa
murchanteko simonides    Ernesto Murillok Simonides ezizena aukeratu zuenean, ziurrenik, Amorgos-ko Simonides zuen buruan. Amorgos-ko Simonides satiraren sortzaile gisa pasa da historiara. Ez zaigu izenorde aproposagorik bururatzen TMEO aldizkariaren sortzaileetako batentzat. Gu garena gara (probetxuzko pertsona helduak... zalantza dutenentzat), komiki aldizkari artean hazi eta hezi ginelako. Gure belaunaldikoentzat, Napartheid eta TMEO izan dira gure Quosque Tandem eta Ernesto Murillo eta enparauak gure Oteiza. Gure liken eta goroldioa. Gure sustratu eta ongarri ikusezin eta ezinbestekoa.
Haren komikiekin gozatu genuen. Beranduago, haren pintura deskubritu genuen. Moda eta arte merkatuari jaramonik egin gabe sortutako obra askeak. Surrealismoaren eta ironiaren arteko zubiak eraikitzen dituzten irudiak. Egunero bizi eta ahazten ditugun detaile txikien kontakizunak. Naif estiloan mozorroturiko hausnarketa sozio-politiko zorrotzak. Simonidesen Magritte ikusten dugula esan genezake, baina ez litzateke zuzena izango. Lehenago ezagutu genuen Simonides, beraz, Magritten Simonides ikusten dugula esango dugu.
Ernesto Murillok satiraren sortzailea izan zen Amorgos-ko Simonidesi hartu zion izena, baina bere pinturak ikustean, ordea, historiak eman duen bigarren Simonidesekin,Ceoskoarekin ere parekotasunik baduela deskubritu dugu. Hain zuzen ere mnemotecniaren sortzailea eta “poesia mintzo den pintura da, eta pintura poesia mutua” esanaz, Murilloren obra ezin hobeto definitu zuena duela 2500 urte inguru. Lantzean behin, komiki bat egiteko eskatzera ausartzen gara, eta egiten digu. Simonidesak bi direla esan dugu, baina hiru dira. Aurreko bien moduan, Kristo ondorengo 1952. urtean jaio zen Murchanteko Simonides, poeta, pentsalari eta artista, klasiko bat delako.