hurrengoa
twist: pentsatzen eta esaten ez diren gauzak    Harkaitz Canorekin bere azken nobelaz.
(Twist. Susa Literatura. 2011)
Liburuan, ahots ezberdin ugari dago. Denbora, espazioeta pertsonaien salto ugari. Twist dantzari izena ematen dion ingelesezko hitzak tolestu, bihurritu, jiratu, okertu esanahia du... Hain zuzen ere nobelako pertsonaiei gertatzen zaizkienak deskribatzeko aproposak diren hitzak.
Noiz eman zenuen liburuaren izenburuarekin?

Idazketa nahiko aurreratua zegoenean jada. “Koska bat estuago” izenburu hobea zatekeen, baina Henry Jamesek aspaldi hartu zidan aurre... Barruan dagoenari buruz pistarik ematen ez duen titulu bat nahi nuen, liburua ireki beharrean ixtera
etorriko zena. Twist dantzak badu gorputza bihurrituz norbere buruarengandik ihes egiteko irrika halako bat, narrazioarekin bat datorrena... Dantza alaia da, gainera. Liburuan kontatzen dena tarteka gordina denez, kontrapisu bat nahi nuen.

Benetako gertakizunak eta pertsonaiak fikziozko beste batzuekin batu dituzu. Idazteko orduan, eta narrazioak behar duen naturaltasuna lortzeko, izan al duzu zailtasun berezirik?

Pertsonaiak ispilu deformanteen antzekoak dira nobelan: tarteka benetako gertaerak parean jartzen zaizkien fikiziozko izaki-ispiluak. Behin hori barneraturik, errazagoa izan da dena. Pertsonaiak fikziozkoak izateak zenbait kontu modu gupidagabean kontatzeko libertatea ematen du; eta gertaera batzuk benetakoak izateak berriz,
tentsioa, motibazioa, eta zergatik ez, protagonistekiko enpatia edo erantzukizun
sentimendu berezia sortu dizkit. Hasera aldera, momentu jakin batean, 80ko hamarkadari erradiografia egiten diozu, garaiko gertakizunen telegramak bidaltzen dizkiozu irakurleari
(niri Bolañoren 2666 eleberriko Juarezko emakumeen hilketen deskribapen zerrenda etorri zait burura... autopsia kontzeptua... ). Zu garai hartan haur bat zinen eta ez zinen errealitate zehatz haren “protagonista”. Zerk bultzatu
zaitu urte haietako memoria fisiko eta, nolabait esatearren, emozionala berreskuratzera?

Gure artean dagoen ahazteko gaitasun neurrigabeak eta adanismoak zur eta lur uzten nau. Cristian Mungiu-ren 4 luni, 3 septamini si 2 zile (4 hilabete, 3 aste eta 2 egun) filma ikusteak bultzatu ninduen, neurri batean: gaurko Errumaniako paisajeak eta objektuak gure haurtzarokoen oso antzeko begitandu zitzaizkidan, eta jasanezina zait orain gu Errumania bezalako herrialdeekiko paternalista izatea, gu
atzo goizean haiek ginela ahaztuta. 5-10 urte bitarte nituen nik 80ko hamarkadak iraun zuen bitartean: zeure disko gogorra adin horretan formateatzen da. Aske ez zarela ere orduan ikasten duzu.

Liburuko protagonista, edo narrazio ezberdinak batzen dituen pertsonaia, behintzat, idazlea da. Idazle baten biziraute estrategiak, beldurrak eta miseriak azaltzen dizkiguzu... Kritika zorrotza egiten diozu literaturari (“kartzelara
opari gisa bidaltzeko ere ez du balio euskal literaturak”), baina kazetaritzak, politikak eta artearen munduak ere jasotzen du egurra... ¨Twist and shout¨ kantuan bezalaxe, barruan gordetako asko hustu dituzula dirudi...

Norbere burua eta norbere ofizioa... Zerbait izatekotan hori ezagutzen dugu ondo,ez? Handiegia da ezagutzen duzun hori gudu-zelai literario bezala erabiltzeko tentazioa... Kazetaritzari dagokionez, teknologiari eta amateurismoari doan eta baldintzarik gabe entregatu die bere burua... Politikari buruz, berriz, zer esan? Gaur egiten den bezala 1981ean Mitterrandek estatistikei men egin izan balie, ez zuela gillotina abolituko (frantziarren % 61 kontra zegoen). Gero frantziar “demokratek” giza eskubideei buruz hitz egingo dizute, duela hogeita hamar urte lepoak mozten ari
zirenean... Gurean ere gertatzen da antzekorik. Badirudi zenbaitek inpunitatea dutela kontagailua nahi dutenean zerora jartzeko.

Elipsiaren erabilera berezia egiten duzu liburuan. Modu erradikalean erabiltzen duzu. Narrazio ohiko edo zinematografiko batean azalduko
liratekeen akzio guztien gainetik salto egin duzu (torturak, hilketak, epaiketa, ikerketa…) eta gertakizun horien bazter eta ondorio intimoetan barneratzen zara. Akzioa ez zaizu interesatzen? Liburuaren zinemarako egokitzapena boikoteatzen zabiltza?

Akzioa egon badago, baina epaiketa baino, nahiago epaiketaren entsegua. Ikerketaren konklusioak baino, nahiago hari solteak. Torturatuek eta torturatzaileek torturen aurretik eta ondoren dituzten burubideak eta kontraesanak interesatzen zaizkit. Halere, egokitu liteke zinera, e? Boxeoari buruzko film bat balitz, konbaterik gabeko filma litzateke, kamerak aldageletan itxoingo lieke boxeolariei!

La Invencion de Morel-en aipamena ezin pasatzen utzi. Twistek badu Bioy Casaresen nobela liluragarriarekin loturarik. Errealitatea eta errealitatearen proiekzioa edo errepresentazioa, mamuak hizketan, narratzailea eta pertsonaiaren arteko harreman ikusezina... Ados zaude horrekin, ala guk ere ez dagoen tokian gure irakurketaren proiekzioa ikusi nahi izan dugu...?

Harrapatu nauzu, bai, kar, kar... Bitasun hori da liburuaren motor nagusia: jatorrizkoa eta kopia, suplantazioak, doblearen gaia, orijinaltasunaren sukarra... Zibermundua edo mundu “erreal” deitzen diogun hori... Txirrista bat geure barrura doa, eta bestea antoengainu gozoaren ispilu faltsura. Biek dituzte euren abantailak eta arriskuak.