hurrengoa
robert mitchum calypso! julen azpitarte   Robert Mitchum (AEB, 1917-1997) Hollywood klasikoak ekoitziriko noir filmetako anti-heroi
lakoniko gisa arras ezaguna da, besteak beste, Out Of The Past (1947), Angel Face (1952),
The Night Of The Hunter (1959), Cape Fear (1962) itzaltsu eta grinatsuetan parte hartu zuen.
Horretaz gainera, oso entzutesua izan zen drogekin loturiko gertaera bat. Izan ere, 1957an
marihuana zuela atzeman zuen poliziak Lila Leeds aktorearekin batera. Poliziak bere ogibideaz
galdetu zionean, “aktore ohia” erantzun zion umoretsu. Horrek guztiak, tipo gogorraren irudia
areagotu zion.

Parrandero drogazalea izateaz gainera, musika maite zuen biziki. Izan ere, gaztetan antzerki
taldeetan aritu zen eta Julie arrebari hainbat kantu eta monologo idatzi zizkion nightclub-etan
abesteko. Mitchum, baina, abeslari trebea zen, -zenbait filmetan ere abesten du-. Horren
erakusle 1957. urtean Capitol zigiluarekin grabatu zuen Calypso Is Like So... diskoa, eta
oraintsu LP formatuan Bear Family eta Rumble diskoetxeek berrargitaratu dutena, bi bertsio
ezberdientan baina azal berarekin.

Disko horren jatorrian Robert Parrish zuzendariaren film bat dago. Antza, Fire Down Below (1957) filma errodatzen ari zela Tobago eta Trinidad inguruetan, -beste batzuk Jon Hustonen
Heaven Knows, Mr. Allison dela diote-, bertako erritmo beroak ezagutu zituen eta errodaiaren
atsedenaldi luzeetan etengabe aritu zen Calypso estiloko doinuak abesten. Jack Lemmon eta Rita
Hayworth filmeko antzezleek Mitchumen zaletasuna ikusita profesionalki aritzea proposatu zioten.
AEBetara itzultzerakoan Capitol etxeko estudioetara sartu zen. Aintzat hartu behar da, gainera, sasoi hartan Harry Belafonte musikari eta aktoreak Calypso izeneko diskoa argitaratu zuela eta soinu tropikal hauek gau eta egun entzuten zirela modako taberna eta dantzalekuetan.

Calypso Is Like So..., disko dantzagarria eta dibertigarria da, batez ere, Mitchumek bere
egiten duelako Karibeko azentua ingelesean txertatuz. Hala hainbat musikari eta konpositoren
laguntzarekin, gitarra baztertu, haren ordez banjoa sartu, eta metalezko perkusioek, congek eta
haize instrumentuek bultzatuta, aparteko konponketekin apainduriko disko trinkoa jaso zuen.
Horren erakusle, From A Logical Poin Of View doinua, non “hobe zu baino emakume itsusiago
batekin ezkontzea” bertsoa botatzen duen harro, edalontzi bete ron zurrustadaka edaten duen
bitartean. Hamar urte geroago, That Man, Robert Mirchum, Sings country kutsuko diskoa
grabatuko zuen...