hurrengoa
bide ertzean hizketan    I  txo!? Don Inorrez birako azken kontzertuan izan ginen. Aspalditik genuen Bide Ertzean gure orriotara ekartzeko asmoa.Taldearen izenak ongi adierazten duen moduan, urteetan, eremu hauetan, bazterturik edo zokoraturik izan den musika moldea jorratu izan duen talde bakanetakoa izan delako.

Gauzak asko aldatu dira. Musikari dagokionez, muga asko desagertu eta horma asko jausi. Bide Ertzeanek, hala ere, taldeko izenari ohore egiten jarraitzen dio. Bidea, eurek aukeratutako tokitik egiten jarraitu dute eta ez modak inposatutako norabidetik. Zuzenekoetan, soinu mahaietatik
efektuak eta aurrez grabaturiko instrumentuak sartzea hain ohikoa den garaietan, eskertzen da musikari trebeak eta zuzeneko garbiak eskaintzen dituzten taldeen lana. Bide Ertzean horietakoa da.
Don Inorrez bira amaitu arte ez genuen elkarrizketa hau egin nahi. Badirudi komunikabideok ez dugula interesik agertzen promozio garaitik kanpo. Bira amaituta, eta hainbeste zuzeneko emanaldiren ostean, nola bizi duzue deskantsu edo deskonpresio garai hau?

Atsedena ondo etorriko zaigu, burua arintzeko apur bat. Guk, behintzat, sosegu garaian landu ohi ditugu kantuak. Eta azken bolada honetan ez dugu ideia berrietan murgiltzeko astirik
izan. Gure artean distantzia pixka bat hartzea ere ondo etorriko zaigu, elkartzean berriz ere gogotsu ekiteko.

Hamalau urte pasatxo taldea sortu zenutenetik. Adin bat dugunontzat, Bide Ertzean Deabruak-ekoen beste taldea zen. Bide Ertzean, ordea, proiektu luzeagoa eta oparoagoa
izan da. Aurreko taldearekiko etengabeko erreferentzia horrek traba egiten al du nolabait?


Lagun artean bikote berria aurkeztu duzu. Zure harridurarako, gehienen erantzuna hau da: “Zure aurreko neskalaguna jatorragoa eta ederragoa zen”. Kaka zaharra zuentzat!

Bide Ertzean-ek molde ugari puskatu zuen euskal musikan. Garaiko doinu gogorren korrontearen kontra egin, eta proposamen berritzailea ekarri zenuten gurera. Pop akustikoa, amerikar kutsuko rocka, ahots zainduaz kantaturiko denbora erdiko kantuak… Egun, argi dago baietz, baina, hasieran, zuen proposamena ulertua izan zela iruditzen al zaizue?

Barka baina ez dut uste inongo molderik puskatu dugunik. Ez dugu ezer asmatu. Ez dugu ezer berritu eta ez gara oso originalak. Ez hasi ginenean, ezta orain ere. Gure boz propioa osatzen saiatu gara urteotan. Eta ez dakit lortu ote dugun. Kontestua, eta horretan akaso arrazoi duzu, ez zen gaurkoaren parekoa. Derrepentean, Deabruak Teilatuetan taldearekin aritu ginen toki batzuetan sarbidea itxita aurkitu genuen. “Popiak”, “komertzialak”, deitzen ziguten batzuek. Antzeko txikikeriak. Baina ez nioke garrantzia gehiagorik emango. Oso harrera ona egin zaigu beti. Gutxi batzuek hasiera hasieratik dute gustuko gure musika; beste batzuk, gerora hurbiltzen joan dira gure kantuetara. Baina askok sekula ez dute gure diskorik erosiko. Normala ere bada. Azken batean, gustu kontua da. Galderaren azken zatiari helduz, azken urteotan zabalduz joan da euskal musikaren esparrua. Estilo aldetik diot. Oparoa da oraingo eskaintza eta, zorionez, garai hori bizitzea tokatu zaigu guri.

Hirukote gisa hasi –Joni Ubeda, Imanol Ubeda eta Karlos Aranzegi–, baina bidean Fran Iturbe eta Joserra Semperena gehitu ziren. Zer ematen dio taldekide bakoitzak taldeari?

Akaso gaizki dago nik esatea, baina serio diot: ez dut Karlos Aranzegi bezalako bateriajolerik ezagutzen gure inguruan. Sendo izaten badaki, giro hipnotikoak sortzen trebea da... Eta metronomo baten parekoa da. Karlos bezalaxe, Joserra eta Fran ere errekurtso handiko musikariak dira. Iturri askotatik edan dute, artista ezberdinentzat aritu dira jotzen, eta esperientzia ugari pilatu dute. Hori guztia islatu egiten da Bide Ertzeanekin aritzen direnean. Eta badute beste ezaugarri bat komunean, eta ez nolanahikoa: kantua lehenesten dute edozein protagonismoren gainetik. 1998tik hona, akaso bilakaera handiena izan duena Joni baxujolea izan da. Karlosekin
batera jotzeak on egin dio. Bira osoan txukun aritu denez, Kursaalen eskaini genuen azken emanaldian anplia pizten utzi genion.

Musika estiloaz gain, Bide Ertzean-en ikurretako bat hitz zainduak dira. Letra propioez gain, hainbat idazleren hitzak erabili dituzue (Jose Luis Otamendi, Kirmen Uribe, Mikel
Ibarguren….). Zuen hitzetan, poetika bilatzeaz eta arinkeria saihesteaz gain, panfletoaren errazkerian ez erortzeko saiakera nabari dela esango genuke…


Taldearen ikur bat hori da. Poesiara hurbiltzeko joera. Jendeak gehiago irakurriko balu, konturatuko zen oso testu onak argitaratzen direla. Horrek beste kontu bat dakar atzetik.
Zure testu propioak ere landu behar izatea. Sikiera desoreka handirik egon ez dadin poemen eta zure letren artean. Baina uste dut ahaleginak merezi duela. Guk pelukero onak ditugu
inguruan; gure letrak orrazten aritzen direnak. Ez dugu inoiz hau onartzeko erreparorik izan. Oso zorrotzak dira eta, behin baino gehiagotan, lepoa moztuko genieke. Haiekin gure kantuen
hitzak partekatu ondoren, etxera bueltatu eta letrak goitik behera berridatzi behar izatea, gogorra da, etsigarria... Baina ia beti seinale ona. Emaitza, gerora, hobea delako

Zuzenekoetan, ikus-entzunezko elementuak eta proposamen zainduak eskaintzen dituzue. Zentzu horretan, eman al da aurrerapausorik Euskal Herrian?

Baietz esango nuke. Dena den, garai batean nork zuen bideo proiektore bat eskura? Tsunami teknologiko honek gauza onik ekarri digu. Baliabide tekniko batzuetara iristeko erraztasun
handiagoak ditugu orain. Ikuskizunera ondo egokitzen badituzu, osagarri politak izan daitezke, baita kontzertu batean ere.

Garai batean, musika gettoetan bizi ginen. Ikastolako karpetan Kortaturen pegata zeramanak ezin zuen Dhuncan Durena eraman. Nola ikusten duzue egungo panorama?

Ez dakit zer esan. Ez naiz Ikastolatik pasa aspaldi. Ez ditut umeak eta ez dakit nola diren gauzak orain. Baina pentsatzen dut orain batzuek Berri Txarraken pegata eramango dutela eta beste batzuek Justin Bieberrena. Adin horretako kontuak ere badira, hein handi batean. Baina, tira, akaso kiroltasun handiagorekin bizi ditugu orain musikaren inguruko filiak eta fobiak.

Bide Ertzean-ek etorkizunean zer norabide hartuko duen pentsatzen duzue, ala patuaren eskuetan uzten duzue?

The answer, my friend, is blowing in the wind... 2009tik hona etengabe aritu gara. Leidor Sessions eta Don Inorrez diskoak jarraian argitaratu ditugu, eta bi lan horien aitzakian,
izugarri gozatu dugu. Baina, orain, itzalean egoteko premia dugu. Entsegu lokalean sartu eta buruan ditugun ideiei bidea emateko gogoz gaude. Eta entsegu-lokalak esango du nola eta
noiz itzuliko garen.