hurrengoa
richard prince: arte krimen perfektua    Panamako kanalean jaio zen gurasoek “AEBtako gobernurako”
lan egiten zutelako. Hori dio Richard Princek behintzat. Ez
dakigu egia den edo Richard Prince artistaren beste arte ekintza
autopromozional bat ote den. Egia esan, berdin zaigu. Princek
hain zuzen ere, asmatutakoa eta lapurtutakoa, originala eta
kopiaren arteko muga lausotzen pasa duelako bere bizitza
osoa. Eta egia edo gezurraren gainetik horrek bihurtzen du
bere bizitza eta jarduera interesgarri.

Richard Prince artista bikoitza da. Artistei lapurtuaz artista
bihurtu duelako bere burua. Gaur egun, artista mediatikoa
bihurtuta, arte garaikide eta arrakastatsuaren “mainstream”aren
partaide dela esan genezake. Bere “txantxa” artistikoak ordea
ez du koerentziarik galdu. Bere azken lanetan, artista ezagunen
artelan ezagunen kopia zehatzak egin eta bere izenarekin sinatu
ostean saldu (garesti gainera) egin ditu. Jabetza eskubidea
eta originala eta kopiaren arteko eztabaidaren suari gasolina
bota dio beste behin, Richard Princek.

Bere ibilbide osoan besteen lana bereganatu eta originala eta
kopiaren kontzeptua garatu du Princek. 1975. urtean, New York
hiriko beste argazkilari batzuekin “rephotograph” kontzeptua
asmatu eta Untitles (cowboy) lana aurkeztu zuen. Tabako
konpainia ezagun batek erabiltzen zituen cowboy iragarkiei
argazkiak egin eta bere lan gisa sinatu eta erakutsi zituen.
Segidan, Spiritual America lanarekin gauza bera egin zuen, beste
argazkilari batzuen lanei argazkiak atera eta irakurketa berri
bat proposatuaz. Gangs izeneko lanetan, argazkiak zuzenean
lapurtu beharrean, berez ikonikoak ziren hainbat egoera eta
irudi sortu zituen. Ezagunena, Girlfriends lana, motorzaleen
neskalagunek eta motorrek osatzen duten irudi ikonikoaren
inguruan. Celebrities proiektuan, berez copyright-ik izaten
ez duten aktore eta pertsonaia famatuen promozio irudiak
berrerabili zituen. Nurse paintings seriean, aldizkari zaharretako
azaletan azaltzen ziren emakumeak erizain bihurtu zituen eta
Check paintings-en, pertsonai famatuek inoiz igorritako txeke
faltsuak lortu eta erakusgai jarri zituen. Car hoods lanean,
autoek eta hauen erakarpen gaitasuna landu zituen erakusketa
aretoak auto azoka bihurtuaz. Jokes proiektuan, txisteak artelan
bihurtzen ditu. Berez jaberik ez duten eta guztionak diren txantxak bereganatu eta bere izenaz sinatu ostean, bere mesederako profitatzen ditu... Enpresa eta multinazionalek ez al dute gauza bera egiten natura, hizkuntza, kolore, irudi, doinu edo beste mila elementu eta kontzeptuekin?

Richard Princek, bere obra eta ibilbidearekin, originala, kopia,
jabetza, eskubideak eta eskuratze kontzeptuen inguruan
hausnarketarako bidea ematen digu. Bere ibilbide artistikoa
(eta aberastasuna) hausnarketa hauekin lotuta dago eta bere
obraren elementu zatiezina bihurtu dira urteetan izan dituen
salaketa, epaiketa eta aldeko eta kontrako sententziak. Legea
eta justizia ere bere obran barneratzea lortu du.

Bere lanaren beste alderdi bat bildumagilearena da. Bere
obra besteen obretan oinarrituta dagoenez, urteetan, bilduma
izugarria eskuratzea lortu du. Berrerabiltzen dituen argazki,
aldizkari edo aipatutako pertsona famatuen txekeak eskuratzeko
enkanteetara edo sarera jotzen du. Bildumagile obsesibo
konpultsiboa da. Eta patua ere bere alde dago. Bestela ezinezkoa
litzateke destinuak 2007 urtean ehundu zuen txantxa ulertzea.
New York-en 25 urte bizi ostean, Prince estatuko iparraldeko
herrixka batetara joan zen bizitzera. Bere bilduma guztiarekin
sortua zuen Second House museo-etxea Guggenheim fundazioari saldu zion. Handik hilabete gutxira trumoi batek etxea jo eta bilduma guztia errauts bihurtu zen. Prince, urtea amaitu aurretik, New Yorkera itzuli zen, ziurrenik, aurpegian, krimen perfektua nola egin asmatu duenaren keinua margotuta.