hurrengoa
itsuskeriaren historia    "Edertasuna itsusia da eta itsuskeria ederra"- Macbeth act 1

Mendeetan zehar filosofo eta artistek edertasunaren definizioak bilatu eta eskaini dizkigute. Euren lan eta hausnarketei esker, denboran zehar edertasun estetikaren ideia nola eraiki den ikusi eta aztertu ahal izan dugu. Itsuskeriarekin ordea ez da gauza bera gertatu. Itsuskeria beti "edertasunaren kontrako" gisa aztertua izan da, baina ez da apenas aztertu bere izaera propioa modu zuzenean. Zaila da beraz itsuskeriaren historia aztertzea, ez dagoelako, edertasunarekin gertatzen ez den moduan, helduleku teoriko, filosofiko eta artistiko nabarmenik. Arrazoi honexegatik, ez da komeni ahaztea, itsuskeriaz hitz egiten dugun bakoitzean, kontzeptu hau, edertasunaren antonimo gisa ulertzen dugula.
Artea da, garai ezberdinetan edertasuna -eta itsuskeria- kontzeptuak ezagutzeko modurik aproposena. Artea diogunean, mendebaldeko zibilizazio eta Asiako kultura garatuetaz ari gara. "Garatu" hitza erabiltzen denean, zibilizazio horietan arteak teorizazio prozesuak jasan dituela esan nahi du eta beraz, neurketa eta sailkapen bat egiteko tresnak badaudela adierazi nahi da. Zibilizazio primitiboen arteak ez du garapen teorikorik gauzatu, eta ezinezkoa zaigu euren emaitza artistikoak gure zentzu eta kontzeptu estetikoekin neurtzea. Horrek ez du esan nahi zibilizazio primitiboentzat ez denik existitzen edertasunik edo itsuskeriarik. Guk horiek ulertzeko ahalmenik ez dugula onartzeko modua besterik ez da. Aipatutako kultura edo zibilizazio "garatu" horietan, mendeetan zehar onerako eta txarrerako, erlijioak zerikusi handia izan du jarduera artistikoetan. Gizakion sinismenak islatzeko modu ezberdinek sortu zuten itsuskeriaren definizioa. Historiaurreko gizakiarentzat gaiztakeria beldurraren eskutik zetorren. Elikatze katearen erdian bizitzeak harrapakina izatearen beldurra sentitu arazi zion milaka urteetan zehar. Beldur hori sentitu arazten zion oro zen gaiztakeriaren sinonimo (fenomeno naturalak, metereologiak, gizaki ezezagunak,...). Zibilizazio klasikoek, mitoetan azaltzen den gaiztakeria gorpuztu beharra sentitu zuten. Eta munstroak sortu zituzten. Munstroak gaiztakeriaren sinbolo izanik, edertasunaren aurkakoak behar zuten. Eta irakurketa moral eta erlijiosoari jarraiki, itsuskeria, arima gaiztoaren isla fisikoa izan da. Itsuskeria gaiztakeriaren sinonimo eta bekatariaren adierazgarri edo penitentzia bihurtu zen.
Erdi aroa gainditu zenean, apurka-apurka itsuskeria beldurra eta gaiztakeriarekin soilik lotzeari utzi eta beste sentsazio batzuekin erlazionatzen hasi zen. Edertasuna gizarte balio bihurtzen joan zen heinean, edertasunik ez zuenak, beldurraz aparte, tristura, bazterketa eta pena sentimenduak sortzen zituen.
Nietzsche, Kant, eta beste hainbat filosofok tangentzialki jorratu dute itsuskeriaren gaia, beti ere ikuspuntu moral eta erlijioso batetatik abiatuta. Modu zehatz eta sakonean zerbait idatzi zuen lehendabizikoa Karl Rosenkranz izan zen. 1853. urtean Aesthetik des Hässlichen (Itsuskeriaren estetika) argitaratu zuenean. XX. mendean, artistak, itsuskeria balio gisa aldarrikatzen hasi ziren. Aurretik bakan batzuek ere halakorik egin zuten (Hyeronimus Bosch) baina pasadan mendean korronte bihurtu zen. Edertasun eta itsuskeri kontzeptuen inguruan saiakera eta hausnarketa garaiak izan ziren eta Mcbeth-eko sorginek ehunka urte lehenago asmatu zuten bezala, itsuskeriaren edertasunaren garaiak heldu ziren.
Baina edertasun eta itsuskeriaren definizioa ezin da soilik modu estetikoan egin. Arrazonamendu politiko eta sozialek ere garrantzia handia izan dute historian zehar. Ekonomiak adibidez berebiziko garrantzia du alor honetan. Marx-ek garbi adierazi zuen "diruak, guztia erosteko gaitasuna duen momentutik, edertasuna erosi, edo itsusiari, ederrek lortzen duten oro lortzeko aukera ematen dio". Gai interesgarria da oso, eta helduleku ugari ditu gainera. Horietako asko bildu ditu Umberto Eco-k itsuskeriaz betetako liburu eder batetan: Storia della bruttezza.