hurrengoa
vasco guipuzcoa: euskal titana! by: hernán ordoñez laguntzailea / assistant: profesor marcelo leybovich   50 urte bete dira argentinako telebistan Titanes en el Ring saioa ematen hasi zirenetik; “pibe” belaunaldi bat baino gehiagoren igande gauak markatu zituen espektakulu hark.
Catch lehia, ziurrenik ezagutzen dugun kirol zaharrenean dago oinarrituta: borrokan. Borrokalariak (titanak) historiako pertsonaia ezagunak edo kultura aniztasunean hazitako herrialde batean ematen ziren pertsonaia herrikoiak ziren. Arketipo aukeraketa hori, ongia eta gaizkia nahasten zituen koktail emankor batean ardazten zen... beti ere mutuuurka.

Giardina eta William Boo izeneko arbitroen artean, erraza da irudikatzea zein den soilik ustela, eta zein, ustela izateaz gain, gaiztoa ere bai (William Boo ingelesa zen... atera kontuak). Justiziaren ispilu (zentzurik ulpianoenean) ziren epaileek, Marquez Ermacora bezalakoek, normalki “profesor” titulua
zeramaten abizenaren aurretik. Zenbat eskainiko zenuke Julio Cesar eta Gengis Khan elkarren aurka borrokatzen ikusteko, euren boterearen handitasuna frogatzeko asmoz? Bazen ordua
entziklopedia orok eztabaidatzen zuen galderaren erantzuna jakiteko. “D’Artagnan y sus mosqueteros”, “Principe di Napoli”, “Don Quijote y Sancho Panza”, “Pirata Morgan” edo “Ulises el griego”. Guk ikusi genituen, eta, bide batez, zerbait ikasi genuen... nagusiki, gure lehengusu zaharrenen giltzetatik eta kolpeetatik defenditzen. Buenos Airesko portuan, hogei mila arimek Egiptotik iristen ikusi zuten “La Momia”. Ez gaizkia, ez ongia... Terrorea!!

Honaino, fantastikoa (hitzaren zentzurik zabalenenean). Baina bazegoen espazioa Argentinan errotuta bizi ziren herri eta kolektiboentzat: “Sullivan” ingelesari egokitu zitzaion papera irudika dezakezue. Eta “Gitano Ivanoff”-ek eta bere dantzari ederrek borrokaldien aurretik egiten zituzten dantza saioak liluragarriak ziren! Eta “Chico de Catanzaro” (mamma mia...). Eta “Tenembraum”, “Otto el aleman”, “El Indio Comache”, “Il Bersagliere”, “El español Jose Luis”, eta gure Hercules argentinarra: “Rubén Peucelle”.

Baina bazegoen bat hitzetan eta ekintzetan soila. Gizaseme onaren aurpegia, lasaia eta errespetatua. Egun, Rio de la Platako nekazal jantzi tipikoak diren alkandora, gerrikoa, espartina zuriak, txapel beltza eta galtza bonbatxoak (argentinako gauchoek erabiltzen zituzten chiripá galtzak baztertu zituztenak) zeramatzana. Noblea eta indartsua zen. Oso indartsua. Haren giltza hilgarriena arte martzialetan Kata Guruma izena daramana zen (hain zuzen ere mataderoetan behi erdia bizkarrean jartzeko erabiltzen den teknika bera): lehiakidea hartu, besoen indarraz gora altxatu, eta, sinpleki, altura horretatik erortzen uzten zuen. “El vasco era una roca”, entzun zitzaion behin baino gehiagotan munduko txapelduna zen “El armenio Karadagián” handiari. Borrokalari euskaldunak muturrera eramaten zuen kiroltasuna, trikimailurik gabe, kolpe txarrik eman gabe: tenore onean onartzen zituen galdutako borrokaldiak, eta garaipenak ere umiltasunez ospatzen zituen. Batzuek zioten bere benetazko izena Onaindia zela, edo Pedro Goiti; beste batzuek Tintxo Barrako esaten zioten, eta oraindik Boedo auzoan bizi dela. Ziur dakigun gauza bakarra titan hura Vasco Guipuzcoa zela. Izen horrekin aurkezten zuten. Eta berak zihoen (eta hala sinatzen zuen) “El Vasco Guipuzcoa” zela.