hurrengoa
fotokazetaritzaz gari garaialderekin    “Fotokazetaritzaren oinarria, XVIII. mendean Francisco Goyaren guda marrazkiak dira. Ez dira argazkiak baina artista aragoiarrak angelu berezi batetik marraztu zituen gudan gertatutako sarraskiak, ikuslea gertakizun basati haien testigu bihurtuaz. Eta hori da hain zuzen ere fotokazetariak egin behar duena. Fotokazetariak ikusten ez dena ikusi arazten eta azaleratzen du. Batzuetan ordea ez dugu ikusten, begiratu ere ez dugulako egiten”.

thorne anderson
fotokazetaria / photo journalist
Agian, irudipen bat besterik ez da, baina “fotokazetaritza” hitz konposatuaren bi elementuetatik, gizarteak ¨foto¨arena ulertzen duela iruditzen zait. Bigarrena, ordea, argazki bat bere baitan, eta alboan hitzik izan gabe, ¨kazetaritza¨ izan daitekeela, ez dago hain onartuta. Errekonozimendu falta horren diagnosian oker al gabiltza?

Beno, nik ere ez dut uste argazki bat, inolako hitzik gabe, “kazetaritza” izan daitekeenik. Argazki batek ezin du bere hutsean informaziorik eman, ez badugu bere testuinguruan jarrikoduen hitz batzuez osatzen. Baina argi daukat testu baten laguntzaile edo titular baten “froga” izatetik aparte, oso esparru zabala izan dezakeela argazkiak informazio-tresna gisa.

Akaso egunkariek eta aldizkariek zuen lanaren aurrean duten jarrerak - argazkien editatzean egiten diren mozketa, norabide aldaketak ,…) ere ez du laguntzen...

Ez, ez du laguntzen, baina okerragoa da argazkiak informazio funtzioa izan dezakeela ahaztu izana, gaizki tratatzea horren ondorioa besterik ez da.

Aspaldidanik jarraitzen dugu fotokazetaritzari presentzia eta ikuspena emateko egiten duzun lana. Argazkilari ezberdinen lana erakutsi eta lanbidea ulertzeko pistak eta heldulekuak ematen dizkiguzu. XXI. mendeko prentsan zein da fotokazetarien egoera ?

Paper euskarria daukan prentsan oso egoera zailean dago. Papera oso garesti dago eta fundamentuz argitaratutako erreportai ilustratu batek toki asko hartzen du, gainera, kazetaritza nondik eta nola jo asmatu ezinean ibiltzera behartu duen krisi honek fotokazetaritza ere kolpatu du. Sareak aldiz ez du espazio arazorik, lana zabaltzeko erak ugaritu ditu eta erreportai txukunak aurkitu daitezke bertan. Bide berriak ere asmatu dira: mugimendua, argazkia, ahotsa, testua eta beste bitarteko batzuk elkartzeko aukera ematen dutenak, baina finantziazioan dauka arazoa, oraindik interneteko albistariek ez dute dirurik ematen.

Eta Euskal Herrian egoera hori bera da, ala badago berezitasunik?

Bi estatutan bizi gara, eta bi estatuek tradizio, lege eta molde ezberdinak dauzkate. Baina, orokorrean, Euskal Herria ttikia izateak ematen dituen berezitasunez aparte, beste guziak
dauden toki bertsuan gaudela iruditzen zait.

Argazkilariak, askotan, lekuko deserosoak izaten dira hainbat egoeratan. Fotokazetari batzuek neutralitate eta objektibotasun printzipioak beti jarraitu behar direla diote.
Beste batzuek, justiziaren eta menperatuaren alde parte hartzeko eskubidea badutela diote… Zein da zure hausnarketa horren inguruan?


Kazetaritzak oro har, fotokazetaritzak bezala, objektibotasunaren eta inpartzialitatearen zama gainetik kendu behar dutela uste dut. Objektibotasuna ezinezkoa da, kontatzen duzuna kontatzen duzula ere, beti geratuko baitzaizu esparru edo ikuspuntu bat behar bezain beste jorratu ez duzuna, eta erabat inpartziala dela uste duen batek beti aurkituko du partzialegia izateaz akusatuko duen norbait. Independiente edo aske behar du izan kazetaritzak, kontatzen duena inolako presio edo injerentziarik gabe kontatzeko gaitasuna duena, eta, hortik aurrera, menperatuen kezkak edo irabazlearen gora-beherak konta ditzakezu; hori norberaren aukera da. Kontatzen duzuna egia izatean dago koska.

Fotokazetaritza ia beti gudarekin edo gertakizun handiekin lotzen dugu. Izen handiak datozkigu burura: Capa, Salgado, Natchwey, Sanchez… Bada, ordea, eskala txikiagoko fotokazetaritza bat, egurenokotasunaren dokumentazioan txertatzen dena, gertutasunean…

Fotokazetaritza, finean, argazkiak erabiliz istorioak kontatzea da. Mundu honetan bizi garenoi buruzko istorioak, guri axola zaigunari buruzkoak, beraz, Libiako gerrak, Nagorno-Karabajeko egoera politikoa eta gure herrian gertatzen diren etxeen desjabetzeak kabitzen dira. Niri,neurri batean, gertukoari buruz hitz egitea errazagoa dela iruditzen zait, eta, inguruan, kontatu beharreko hamaika istorio daudela uste dut.

Teknologia digitalak, egiazkotasun arazoak ekarri dizkio argazkilaritzari. Makina bat dira muntaia eta erretoke digitalekin egiazko modura aurkeztu diren argazkiak (National Geographic eta New York Times bezalakoek argitaratu, eta gerora barkamena eskatu behar izan dute). Noraino “ukitu” daiteke argazki bat egiazkotasuna galdu gabe?

Argazkilaritzak beti izan ditu egiazkotasun arazoak, sorreran, gainera, egia kontatzeko baino, nahi zena kontatzeko erabiltzen baitzen. Teknikak ez zuen uzten gauzak ziren bezala ateratzen, beraz, dena zen montatua, antzeztua. Ez dut uste argazkia denik konfiantzarik eza sortzen duena; izatekotan, kazetaria edo argazkilaria da. Kazetaria sinesgarria bada, bere emaitza beti izango da sinesgarria, hitzez edo argazkiekin kontatzen duen kontuan hartu gabe. Digitalizazioak, gehienez, tranpa mota bat erraztu egin du; argazkia atera eta gero egiten dena eta horren muga non dagoen ezartzea ez da erraza, baina atera duzunak egiazkoa izateari uzten dionera iritsi baino pausu bat lehenago dagoela uste dut. Ez zegoena irudikatu nahi duzunean, gehiegi dramatizatzen duzunean, zerbait kendu edo eransten diozunean... Nik esango nuke norberak badakiela noiz pasatu duen marra.

Aurrekoari lotuta, eta aro digitalean murgilduta gaudelarik, edonork poltsikoan HD kamera bat darama egun, eta komunikabideek geroz eta gehiagotan erabiltzen dituzte hiritarrek bidalitako argazkiak. Nola bizi du hori argazkilari profesional batek?

Ni berez ez nau kezkatzen kalean dagoen kamera kopuruak, eta, neurri batean, normalaere izan daiteke komunikabideek argazki horiek erabiltzea. Edozein gauza gertatzen den momentuan, bertan argazkilari profesional bat egotearekin amets egitea alperrikakoa da, baina bertatik pasatu den norbaitek telefonoarekin argazki bat egin dezake. Argazkilari profesionalak gertakariak kubritzeko edo istorioak kontatzeko gauden jakin beharko genuke. Guk gertakari hutsaz haratagokoa egin beharko genuke, kazetaritza, kontzientziaz egindakoa. Baina komunikabideak gertakariz beteta datoz, haiek ere kazetaritza aspaldi utzi baitzuten albora; eta hor konpetitzea zail daukagu, norbanako horiek, gainera, argazkia argitaratuta ikustearen ilusioaz, argazkia oparitu egiten baitute gehienetan. Gero, hor, iturrien fidagarritasuna sartzen da jokoan, zer neurritan ezagutzen duen komunikabideak argazkia eskaini dion hiritar hori... Blogaritza eta idatzizko kazetaritzaren artean gertatzen denaren antzekoa da arazoa, baina kazetek ez dituzte edonoren blogetan kontatutakoak egiazkotzat jotzen... edo bai.

Kontaiguzu amaitzeko, zein den lanean zaudenean poltsan eramaten duzun materiala...

Hori lanaren araberakoa da. Futbolean edo beste lan jakin batzuetan, teleobjektibo handia edo material zehatza eraman behar izaten dugu, baina, normalean, nik poltsan telefonoa, giltzak, diru zorroa eta egunkaria, eta, eskuetan, kamera 24-70 mm zoomarekin. Erosoen 28 edo 35 mmko objektiboekin egiten dut lan, kontatu nahi dudanetik gertu egotera bultzatzen bainau, 2-5 metroko distantzi polit horretara.