laburrak in brief
hurrengoa

expogrow

Irailaren 14tik 16ra bitartean, Expogrow nazioarteko azoka ospatuko da Irunen. Ohiko kalamu azokek eskaintzen dutenaz gain, Expogrow-k saiakera berezia egin du era bateko eta besteko jendearentzat aukera anitzak eskaini ahal izateko. Salmenta-guneaz eta kannabisaren kulturarekin zerikusia duten jardunaldiez gain, musika eta kale-arte jaialdi itzela prestatu dute. Besteak beste, skatea, graffitiak eta Marea eta Cypress Hill-eko B-Realen kontzertuak.

hurrengoa

goya. asmatutako estanpak

“Kapritxoak, hondamendiak, tauromakia eta burugabekeriak” Bilboko Arte Eder museoak dituen fondoekin osatu den erakusketa da. Paperean eginiko marrazki hauetan, tradizio erlijiosoak eta laikoak, gerraren basakeriak, herriaren ohitura eta sinismenak islatzen ditu Goyak; misterioz beteriko lanak dira. Atarian zakurrik behar ez duen Bilboko beste museoan ikusgai.

hurrengoa

zinemaldia 60

Gisa honetako edozien ekitaldi erraldoiren moduan, Zinemaldiak baditu hobetzeko eta zuzentzeko alorrak. Horri, ñoñostiar batzuek hain gustoko duten glamourraren kontua gehitu eta atzeraka ere egin dezake. Ados. Baina Zinemaldiak urtero filmak ikusteko eskaintzen digun aukera ordainezina dela esan behar dugu beste behin. Irailaren 21etik 29ra. Gozatu!

hurrengoa

kontuari kontu

Koldo Mitxelenako Ganbara aretoan, Galtzagorri elkarteak ipuinei eskainitako erakusketa originala prestatu du. Hainbat artistek eta jarduera ezberdinetan aritzen diren ipuingile eta kontalariek lan irudimentsua egin dute ipuina objektu fisiko bihurtzeko. Ipuinaren tradizioak garapenerako eremu zabala duela frogatzen du erakusketak. Abuztuaren 25era bitartean ikusgai eta gozagai.

hurrengoa

domus enea

Nork ez du bere jaiotetxea oroitzen? Edo udak pasatzen zitueneko etxe hura? Edo aitona-amonen baserria? Domus enea proiektuak oroitzapen horiek marrazki baten bidez gordetzeko aukera ematen digu. Argazkiek, saturazioz eta errazkeriaz, beren xarma galdu duten garaietan, marrazki batek, bere arintasunean, etxeko harrien pisu bera izan dezake.

hurrengoa

zein da zein?

Azken hamarkadetan, lagun talde batek lortu du Castellongo zenbait egunkaritako orrialdeetan argazki “bereziak” argitaratzea. Egunkarietako parte-hartze sailetan (jendea, gizartea, tokian tokikoak) pertsonaia ezagunen irudiak sartu dituzte jende anonimoen berri ematen zuten albisteak irudikatzeko: Bill Gates, Hitler, Ceaucescu, Philip Starck, Urrusolo Sistiaga, Paul Auster, Samantha Fox eta beste dozenaka pertsonaiek bizitza berri bat bizitzeko aukera izan dute Castellongo prentsan.

hurrengoa

eraikina lorategi

Duela urtebete, Juli Capella diseinatzaile eta arkitektu kataluniarrarekin mintzatu ginen diseinuaren inguruan. Elkarrizketa interesgarri hartan, alkandora itsusiak janzten zituen gizon argia zela ikusi genuen. Bere estudioaren azken proiektuak txundituta utzi gaitu. Bartzelonan, lorategi bertikal ederra sortu dute eraikin baten pareta itsuaren gainean. Ea adibidea ugaltzen den.

hurrengoa

remigio mendiburu

Eskultore hondarribiarraren erakusketa antolatu du Oteiza museoak “Formaren eraikuntza” izenburupean. Funtsezko obra nagusiaz gain, inoiz argitara atera gabeko material ugari dago ikusgai. Nahiz eta Oteiza museoa izan, Mendibururi erakusketa antolatu izanak gauza bat frogatzen du: bizirik dauden museoak ez dira izen bati lotuta dauden kriptak. Urriaren 7a bitartean.

hurrengoa

iparraldea XXI dokumentala

XXI. mendeko iparraldea ezagutzen al duzu? Galdera hori egiten digute dokumental honen egileek. Eta, iparraldea “kontzeptu” zabala bada ere, saiakera interesgarria da dokumental honek proposatzen diguna. Askotan saltzen zaigun folklorismotik at iparralde garaikide bat badagoela ez zekitenentzat lan gomendagarria.

hurrengoa

urratsak

Maskull Lasserre Kanadan jaio eta Hego Afrikan hezi zen. Naturak oraindik gizakia izutzeko gaitasuna duten herrialde bi. Akaso horregatik egin die omenaldia basapiztiei bere Outlier (Traces) lanean. Ehiztariei trufa egin nahi badiezu, espioia bazara, edo jarraitzaile maltzurrei iskin eman nahi badiezu, zapata eta bota hauek jantzi behar dituzu.

hurrengoa

origami erretratuak

Soilik papera zimurtuz eta argia erabiliz, aspaldi ikusi ditugun erretraturik ederrenak eta originalenak topatu ditugu. Eta gehien gustatzen zaiguna da, lan hauek ikusita, jende askok pentsatuko duela: “nik ere egin dezaket” edo “zergatik ez zait niri bururatu?”. Kumi Yamashita izan da erretratu irudimentsu hauen egilea. Sorkuntza, artea, sinplea eta, era berean, hain sakona denean, liluragarria da.