audio arkaitz villar
hurrengoa

a wasteland companion

m.ward

Biharamun ahotsa duen abeslariak Azkena Rock Jaialdian eskaini zuen kontzertua erdizka gustatu bazitzaigun ere, diskoan asko irabazten du. Kantu motz eta zuzenak dira, desamodioz eta alkoholez beteak. Guk ere defendatuko dugu prentsa espezializatuak goraipatu duen disko hau, blues, folk, rock n’roll eta autore zigilua duten abestiak melodia bikainekin bilduta datozelako. “I get ideas” kantuak dantzan jarri gaitu, baina ‘Watch the show’ da gehien gustatu zaiguna.

hurrengoa

totally enormous extinct dinosaur

trouble

Erresuma Batutik datorren Orlando Higginbottomek gidatzen duen proiektu honek house musikaren oinarri sinpleak erabiltzen ditu konposaketak sortzeko. Pop ukituak gaineratuta, elektronikaren eszenan zer esana ematen ari den lana osatu du. Orain arte kaleratutako hainbat EPri eta “Garden” singleari esker ikusmina sortu badu ere, disko luze honek bere maila baieztatzen du. Dantzalekua hankaz gora jartzen duen “Tapes & Money” da erakuslerik garbiena.

hurrengoa

between the times & the tides

lee ranaldo

Sonic Youthen “Wish Fulfillment” kantuan Lee Ranaldoren ahotsak harrapatu egin ninduen. Bakarlari gisa argitaratu duen lan honetan berriro aurkitu dut sentsazio hori. Kantu sendoak osatu ditu, besteak beste, Steve Shelley, Nels Cline, John Medesk edo Jim O’Rourke musikarien kolaborazioarekin. Bere ibilbidean erabili dituen elementu sonoroen bilduma hau urteko disko hoberenetako bat izango da.

hurrengoa

way out

the jackets

Jackie Brutsche abeslari basatiaren inguruan osatutako taldea da The Jackets. Suitzarrek garage, punk eta distortsioz betetako abestiak bildu dituzte bigarren disko honetan. “Oh baby” maitagarriaz gain, “Waistin my time” bezalako kantu indartsuak aurkituko dituzu. Europako rock n’rollaren underground eszena sutan jarri duen talde honen lanak sukarra eragingo dizu barneratu
bezain azkar.

hurrengoa

whihelm and the dancing animals

the war of the species

Ondo pasatzeaz gain, dantza egiteko abestiak sortzen ditu Iruñeko talde honek. Horretarako, animaliekin aliatu dira, eta guztien artean erritual magiko bat osatu dute. “Arcade Fire” edo “Architecture in Helsinki” kantuen erritmo bizienak oso gertu dituzte “Elephant” bezalako abestietan; baina doinu barnerakoiak ere aurki daitezke lehendabiziko disko honetan, “Ten go” kantuan, esaterako. Dibertitzea gustuko dutenentzat.

hurrengoa

político

instituto mexicano del sonido

Camilo Larak politikaz bete du estudioko laugarren diskoa. Cumbia ugari dago, baita ohiko sanplerrak ere, eta dantza egiteko aitzakiarik ere ez da faltako. Hala ere, oraingoan, munduan gertatzen diren gehiegikeriak salatzea deliberatu du; “Mexico” kantua debekatu egin diote herrialde hego amerikarrean. Dantza politikoaren koktel honek udako abestia ere badakar: “Se baila’”.