hurrengoa
herri urdinaren bluesa    1980 eta 1990 bitartean, tuareg ugari Libiara herbesteratua izan zen. Bertoko errefuxiatu eremuetan izan zuten beren lehen kontaktua blues musikarekin. Tuareg herria, Afrikako hainbat herrialdetara bidaiatzera ohituta egonik, tokian-tokiko musikak bere egin ohi dituzte. Bluesarekin gauza bera gertatu zen. Ez da harritzekoa (kolorea patua ote?) gizon urdinei bluesa gustatzea. Musika “berri” hari assouf (malenkonia) izena jarri zioten.
Musika estilo berezi honen aitzindariak Nigerreko Addallah ag Oumbadougou eta Maliko Ibrahim ag Alhabib, Alhassane ag ouhami eta Entayaden izan ziren. Gitarra akustikoak elektrifikatu, eta, 1990eko hamarkadan, tuareg erreboltaren hastapenetan, herri urdinari armak hartzeko gonbita egiten zioten beren kantuekin. Mali eta Nigerreko gobernuentzat gaizkile bihurtu ziren berehala, eta hanka egin behar izan zuten, baina kasetetan grabatutako “assouf” kantuak berehala zabaldu
ziren desertuan zehar.
Desertuko bluesak jatorri eta osagai ezberdinen nahasketaz eginiko musika da. Musika arabiarrari eta tuaregen kantu tradizionalei blues eta rock doinuak gehituaz sortzen den doinu hipnotikoa da. Hitzei dagokionez, armetan altxatzeko aldarri gisa jaio zen musika estilo hau; ohorea, politika, nortasuna, maitasuna eta gudako gertakariei kantatzen die nagusiki.
Duela 30 urtera arte nagusiki ahozkoa zen tradizio musikalak gogor eta kementsu eutsi dio. Orainaldian sustraitutako musika da. Gaztea izan arren, garatzeko eta bide berriak bilatzeko gaitasun handia erakutsi du. Talde ugari sortu da, eta musika-tresna berriak eta molde berriak sortuz joan dira. Bakardadearen eta isiltasunaren eremuan bizi direnak musikazale amorratu suertatu zaizkigu. Iaz, herrialde berriaren sorrera ekarri zuen erreboltan, tuaregen pick up eta todoterrenotan “assouf” musika ozen entzuten zen. Musulman fundamentalistek musikarekin dute harremana zein den jakinik, ordea, ikusi beharko da zer gertatzen den Saharan sortu berri den herrialdean.

2011ko irailaren 20an, Amazig Tumuzga (tuaregen herrialdea) errepublika sortu zen. Orain arte Niger eta Maliren menpe zegoen herriak bere gain hartu ditu Sahara desertuko lurrak. Tamachek ahozko hizkuntza eta tifinag idazkera hartu ditu, eta Agadez aukeratu dute herrialde berriaren hiriburu. Gobernu berriak laiko eta demokrazia federalista gisa definitu du bere burua. “Liburu urdinean” jaso ditu bere sorrera testu nagusiak, eta ereserki nazionala ere estreinatu du; bandera berrian Turaeg herriaren zazpi federazioak bildu ditu zazpi izarren pean.