hurrengoa
ciclos iturgaiz. guatequera gonbidatua zaude    Ezer baino lehen, diskoaren azala, inozentea batetik, baina ezinegona sortzen duena bestetik... Guateque mutiltxoentzat eginiko diskoa al da?
Ez ez!! mutiltxoentzat ez, neskatilentzat. Gehiago gustatzen zaizkigu eta! kar, kar, ka. Azala lizuna eta ezinegona sortzen duen horietakoa da, bai. Rollo txarra ematen du. Garage bat, eta neskatila birekin. Eta kontrazala okerragoa da! Aitormen bat: kantuak etxean entseatzen ari ginela, hilabete eskaseko nire alabak Ciclos Iturgaiz dantzatzen zuen. Sinistu dezakezu? Nire emazteak, gainera, barre egiten zuen. Irudi hark benetan izutu ninduen. Munstro bat sortu dugu, eta gure kontra jartzen hasi da!
Gurpildun aulkiak jokoa ematen jarraitzen du.
Gurpildun aulkiek barruak astintzen dizkizutelako. Inork ez du hor eseri nahi. Badakizu zer dagoen. Oso siniestroak eta gotikoak dira. Abandonaturiko ospitalak azaltzen direneko film horietan beti gurpildun aukiak azaltzen dira botata... Joder ze beldurra!
Hilkutxak bezalaxe. Kontzertu batera etxean kartoiekin egindako bat eraman genuen, ongi margotua, benetakoa zirudien. Furgonetaren atzeko aldean generaman. Benemeritak gelditzen
bagaitu zer esango dugu? Lasai, motel, antzerki talde bat gara eta kitto. Barreak bai, baina yu-yu apur bat ere bai.
Elementu siniestroak kontestutik kanpo ateratzea atsegin dugu. Jendea deseroso sentitzen da. Iluntasunarekiko erakarpen handia sentitzen dugu. El Desván del Macho-ren ultra-fansak gara.
Putak, Ana Rosa Quintana, euskal sukaldariak, banderak, Otegi, apaizak, alardea, bake prozesua... Diskoa egunkari bateko urtekaria dirudi, baina speed-elektronikaren erritmoan...
Musika talde “tertuliano-elektroniko-pop” bat al zarete?

Ah, “celebritie”-ak, gure beste joera kuttunetakoa dira. Maite ditugu, baina kasu! Edonork ez du balio. Ciclos Iturgaizentzat pertsonaiarik hoberenak guztiek ezagutu bai, baina oso grisak eta inork aldarrikatu ez dituenak dira, Maria Escarioren modukoak.
“Tertuliano-elektroniko-pop”? Kar kar kar, oso ona. Naturaz gara poperoak, edozein estilo edo joeratan. Eta bai, egunerokotasunean guk sortu ez ditugun egoerak islatzen ditugu, hori bai, beti ere buelta bat emanaz, malahostia apurrarekin desitxuratuz, batzuetan min emateko, eta, beste
batzuetan, “sobrada” bat direlako soilik eta ea zer gertatzen den, kar kar kar.
Aurreko diskoaren (¿Tienes webcam?) izpiritu bera du honek. Baina ba al dago alderik? Talde gisa heldutasuna lortu duzue, estiloa garbitu, eta bigarren diskoarekin esaten diren gauza guzti horiek?
Bai, bai, izpiritua bera da, hau oso muturreko proiektua da: hitzak lehergailuak balira egiten ditugu, barrez eztandarazi eta gerta daitekeenagatik beldur apur bat pasaraziko digutenak. Hori betetzen badute, amen.
Lehen diskoarekin konparatuz gero, honetan baseak landuago daude, ez dira hain zakarrak. Beti ere techno-amateur espiritu horrekin. Ez zaigu burutik ere pasatzen sofistikatuagoak izatea edo, esate baterako, Air bezalako doinuak egitea. Ciclosen xarma soinuan ere dago. Kontent gaude egindakoarekin. Nahiz eta Ciclos Iturgaiz izan, ordu asko sartu ditugu, eta iruditzen zaigu betiko “malaletxea” dagoela baina soinuan ezberdintasuna dagoela. Heldustasunarena, kar kar kar... Honez gero, ezinezkoa dela esango genuke.
Zuzenekoak emateko asmorik? Hala bada, bizkarzainekin joango al zarete?
Bai, baina aukeratuak. Ez dugu asko jo nahi. Ez zaigu gustatzen jotze soilagatik jotzea; horrek jostailua gastatzen du. Gustuko jaialdietan edo lagunak diren taldeekin jotzea atsegin dugu. Rollo ona sortuko den tokietan. Batzuk lotuak ditugu jada.
Aurreko diskoarekin eman ditugu zenbait emanaldi. Zaragozan, Madrilen (bitan), Gernikako gaztetxean (Kafea eta Galletak. Ze handiak diren Leire eta Ibon!) eta Bilboko Aste Nagusian (Pinpiren txosnan). Guztietan barreak eta rollo ona. Akaso tentsio gehien Bilbokoan. Plastikozko botilek hegan egin zuten, eta txosnako hainbat jende haserretu egin zen gure hitzekin. Zer espero zuten, serpentinak eta gangosoen eta marikiten txisteak?
Euskalteli trufa egiten diogun kantuaren aurretik, enpresa kapitalista esplotatzaileari eskainitako hitzek ere ez zuten guztien onespena lortu. Ardanzaren eskutik soldata kobratzen zuen txosnera bati ez zitzaion esandakoa gustatu, eta “Utz diezaiotela jotzeari! Utz dezatela orain!!” oihukatzen zuen. Ez da broma, eh!
Kontzertu hura izugarria izan zen. Jendez gainezka, fans batzuk saltoka eta kriston tentsioa, guztiak ahobete hortz; inork ez zuen alde egin. Eta gu gero eta harroxkoago. Kantuen artean geroz eta astakeria handiagoak esanaz. Ciclos Iturgaiz lehen aldiz espazio publikoa okupatzen. Guai! Hori bai, txosnen kupoa agortu dugula uste dugu.
Bizkarzainak Ciclos Iturgaitzentzat? Kar kar kar Mayor Orejari galdetuko diogu eskaintza berezirik ote duen, gai hauen inguruan asko daki eta. “Mobida” kontura zenbatek ez dituen poltsikoak bete! Gatazka pagotxa izan da askorentzat... ez soilik Ciclos Iturgaizentzat.
Kanpaia jotzen gabiltzala pentsatuko duzue, baina aktualitatezko gai popularren inguruko hitzak, hizkuntz naturaltasuna, elektronika azeleratua, errimak... Guretzat XXI. mendeko bertsolariak zarete...
Ohore bat da guretzat hori entzutea. 80eko hamarkadaren aurretik, bertsolaritza jarduera herrikoia zen, jaietako unerik gorenena. Bertsoak ludikoak, dibertigarriak, motzak eta zuzenak ziren. Inor ez zen aspertzen eta, ostean, tarbernetan, kalean edo etxeetan komentatzen ziren bertsoak... Txirrita, Lazkao Txiki, Mañukorta, Zeberio… eta beste askok barrea pizten zuten, dibertigarriak ziren. Eta, batez ere, EZ ZIREN ASPERGARRIAK, publiko zabalari eskainitako edozein ikuskizunetan gerta daitekeen gauzarik okerrena. Eta hori da, hain zuzen ere, orain gertatzen dena, bertso saioetara militanteak soilik joaten direla, eta erdia aspertu egiten da, baina ez dute onartu nahi, hori onartzea ez delako batere politikoki zuzena.
Mikel Urdangarinek berak egungo bertsolaritza astuna dela onartu zuen, eta bera bertsolaria izandakoa da. Errua ez da bertsolariena; bizi ditugun garaien isla besterik ez da. Durangoko Azokarekin gauza bera gertatzen da; urtero “todokristo” joaten da hara, eta hortik kanpo inork ez du euskal kulturarik konsumitzen (ekoizpen guztia data horietan ateratzera bultzatzuz). Artea, kultura, ezin da data zehatz batera lotuta eta mugatua egon. Bertsolariekin gauza bera. Lau urtetan behin halako euforia batek harrapatzen gaitu eta BEC betetzen dugu. Txapelketa bitartean, desertu bat. Barkatu txapa, baina, askotan kontrakoa dirudien arren, euskal kultura maite dugu. Ciclosen botatzen ditugunak ez dira beti benetan pentsatzen ditugun gauzak, probokazio hutsa dira. Kitzikagarria da jendeak ez jakitea zer pentsatzen dugun benetan.
Ez zaigu besterik otutzen. Besterik gabe, Guateque 2012. urteko gure disko kuttunenetarikoa dela esatea. Zuek zerbait gehitu nahi baduzue…
Mila esker loreagatik! Eta, komentatzearren, jakin dezazuela ziurrenik Bilbon joko dugula Un Pinguino en mi Ascensor taldearekin. Haiekin mini bira bat egiteko asmoa dugu. Ilusio berezia ematen digu, berandu deskubritu ditugun arren, zoragarriak iruditzen zaikigulako.

www.ciclositurgaiz.bandcamp.com