• 1
  • 2
hurrengoa
futuro. etorkizunaren bila    1968. urtean, Matti Suuronen arkitekto finlandiarrak espazio-ontzi itxurako eraikin berezi bat diseinatu zuen, oporretarako etxe edo eski-aterpetxe gisa erabiltzeko. Futuro izena eman zion. 60eko hamarkadako baikortasun eta sormen askatasunaren adibidea da Futuro. Espazioa konkistatu, informatika garatu, komunikabideak zabaldu… Garai hartan, teknologiak gizakiaren arazo guztiak konponduko zituela sinisten zen. Eta mendebaldeko herrialdetan, gainera, ongizate gizartearen finkatzearekin batera, hiritarrak aisialdiaren kulturan murgildu ziren buru-belarri. Eta jakina, aisialdi eromen hark arkitektura berriak behar zituen.
Futuro etxea altzari guztiekin zetorren. Zortzi pertsonentzat zegoen diseinatuta. Futuro-ren berritasunik handiena, itxuraz aparte, bizilekua eraikitzeko erabilitako materiala zen: Futuro plastikoz eginiko etxea zen. Plastikoa, garai hartan, oso merkea, arina eta malgua zen, beste materialen aldean. Asmoa seriean fabrikatzea zenez, ezin lehengai aproposagorik topatu. Gainera, etxe prefabrikatua izanik, edozein tokitara garraiatzeko abantaila eskaintzen zuen. Futuro helikopteroz edozein tokitara eramateko diseinatuta zegoen. Futuro-k etxe ibiltari bat eskaini nahi zion gizarte ibiltari bati. 1973an, ordea, petrolioaren krisialdiak plastikoaren prezioa igo, eta etorkizunik gabe utzi zuen Futuro. Ordura arte 100 etxe eraiki ziren. Horietako 20 Finlandian daude, eta besteak munduan zehar sakabanatuta.

futuro-ren ezaugarri teknikoak:
- kanpoaldea poliesterrez egina.
- koloreak: zuria, urdin argia, horia, edo gorria.
- altuera: 4 m.
- diametroa: 8 m.
- pisua: 4.000 k.
- oinplanoa: 25 m2.
- 20 leiho obalatu.
- eskailera tolesgarriak sarreran.
- 6 aulki-ohe eta aulki-ohe bikoitz bat.
- tximinia.
- sukaldea.
- bainugela komunarekin.
- helikopteroz garraia daiteke.