hurrengoa
asier ETA biok    Nor da Asier? Nor da biok?

Asier nire laguna da. Eta biok hori osatzen duena... Bera eta ni. Eta nor naiz ni? Ba, Asierren lagun ohi bat. Asier asko maite duen norbait.

Izenburuan ateratzen diren maiuskula horiek jendea batu eta jendea banatu egin dute herrialde
honetan... Zergatik sentitu zenuten horrelako istorio bat kontatzeko beharra?


Izenburuan agertzen diren maiuskula horiek jendea batu, banatu eta hil egin dute. Ezin dut hori ahaztu. Espainiar estatuan jendea batu egin da erakunde horren aurka. Independentismoaren aurka batu du jendea eta, aldi berean, izugarrizko gorrotoa eta ulertezintasuna sortu du. Aldi berean, Espainiako komunikabide nagusiek –eta Euskal Herriko batzuek ere bai– beraiei komeni zaien istorioa sortzeko behar dituzten zatiak soilik azaldu dituzte. Zentsura tradizionala baina askoz ere efektiboagoa den zerbait erabili dute: euren tesiaren aurka doan guztia isildu dute, existituko ez balitz bezala. ETAk sortutako mina eta gorroto logikoa “el entorno” deritzoten guztia zaku berean sartzeko erabili dute, edonolako oposizioa erreprimituz. Istorioaren beste aldea erakusten ez baduzu, injustiziak erakusten ez badira, beste giza talde batekiko enpatia sortzea saihesten da. Gizatasuna kentzen da eta guztiak balio du: alderdiak eta erakundeak ilegalizatu dira, komunikabideak itxi dira, bai politikan bai beste arlo askotan lanean zebilen jendea espetxeratuz, atxilotuak torturatu dira, dispertsioa mantentzen da, eta urte guztiotan inork ez du ahotsik altxa. Ez da espainiar komunikabiderik egon, ez ezkerrean ez eskuinean, horren aurka ezer esan duenik. Ezta nire lanean ere. Aktoreak, hainbeste injustizien aurrean ahotsa altxatzeko ohitura dugun kolektiboa izanik, kasu honetan, ia denok beste alde batera begiratu dugu. Hori, euskaldun askorentzat, niretzat behintzat bai, oso tristea izan da. Irakeko guda, mendebaldeko Saharako gatazka salatzea edo ETAren biktimez hitz egitea oso ondo dago. Beharrezkoa da eta egin behar da, ados. Baina zein da ezker abertzalearekiko erasoak salatzeko adore nahikoa agertzeko gai? Horrek aldatu beharra dauka.
Asier ETA biokekin lortu dugu: hainbat lankide, denak nire lagunak orain dela urte askotatik, etakide ohi batekin elkartu ditugu, nirekin duten adiskidetasuna lotura bezala erabiliz. Orokorrean, sekula partekatuko ez diren ideiak daude baina guztiok helburu bera dugu: elkartasunerako eta ulermenerako urrats bat ematea eta muga hori gainditzea. Ez dugulako nahi horrelako ezerk gertatzen jarraitzea edo berriro gertatzeko aukera egon dadin.

Abiapuntu hain pertsonala izateak, hainbat sektoreren dianan jartzearen arriskuak, ez zaitu
urduritzen?


Beno, pixka bat bai, baina ez dut uste diana batean jarriko nautenik. Beharbada, profesionalki prezioren bat ordaindu beharko dut. Ezetz espero dut, baina horretarako prest egon beharra dut. Hala ere, ate batzuk itxi, baina beste asko irekiko dira aldi berean, eta horietan pentsatzea nahiago dut. Nolanahi ere, dokumentala zintzotasunez egiten saiatu gara. Horrela egiteko beharra sentitzen genuen, eta ez dugu ezer ezkutatzeko arrazoirik. Gure esperientzia partekatu nahi dugu, bakoitzak bere ondorioak atera ditzan.

Irrati espainiar batean eginiko elkarrizketa batean entzun genuen esatariak ez zuela ulertzen
etakide baten lagun izan zintezkeenik... Kidetasunak, laguntasunak, mugarik izan beharko
luke? Nola bizi duzu jendeak zure kidetasun harremana ulertzen ez duenean edo horregatik
kritikatzen zaituenean?


Elkarrizketa hori nahiko berezia izan zen, bai. ETAk kazetariaren lagun bat hil zuen orain urte batzuk, eta ni etakide baten laguna naiz. Esango nuke kasu hori errealitatean bizi diren hainbat egoeraren islada izan zela eta oraindik ere lantzear dauden hainbat puntu agerian geratu zirela, baina biak ados geunden zauriak sendatzeko pausuak ematearen garrantzian. Bestalde, nire Madrilgo lagunek ederki ezagutzen naute, eta sekula ez dut arbuiorik sentitu etakide baten laguna izateagatik. Beraiek gatazka hau hobeto ulertzea gustatuko litzaidake eta, horregatik, nire lagunengatik eta beraiek bezalako beste milaka pertsonengatik ari gara film hau egiten.

Oso webgune erakargarria eta aktiboa duzue… Pelikula bat egiteak dakarren esperientzia konpletoa erakutsi nahi duzue?

Webgunea bizirik mantentzea talde-lan bat da. Doxa Producciones, Amaia eta biok gabiltza proiektuan lanean, eta bakoitza bere lana azaltzen saiatzen gara, polita baita film bat egitea zer den azaltzeko aukera izatea. Aldi berean, jendeari parte hartzeko aukera ematen diogu, bai crowdfunding-aren bidez, bai hainbat gaitan haien iritzia eskatuz, eta, oraingoz, oso erantzun positiboa eduki dugu. Helburua da ahalik eta jende gehienaren interesa sortzea, eta Internetek horretarako aukera ezin hobea eskaintzen digu.

Crowdfunding-aren formula emaitza onak ematen ari al da?

Oso, oso onak. Eskatu genuen guztia baino pixka bat gehiago lortu dugu. Laguntza ekonomikoaren
bitartez zein bestelako modutan lagundu diguten pertsonei eskerrak eman nahi dizkiegu. Beraiei esker orain dokumentala bukatzeko aukera dugu eta.

Guri egitasmoa eta filma, edukiagatik eta prozesuagatik, hartzen ari den itxura oso interesgarria iruditzen zaigu… Noiz ikusi ahal izango dugu?

Egiteko dagoen lana bukatzeko asko falta zaigu oraindik, baina udaberrian prest egongo da... Ea
piztu ditugun espektatibak betetzea lortzen dugun! Nolanahi ere, gure herrialdean, eta batez ere gure herrialdetik kanpo, bukatu ez den gatazka honi buruzko eztabaida sortzea lortzen badugu oso pozik geldituko gara, ziur.