hurrengoa
munduko bandarik txarrena    Jose Carlos Fernandes komikilari portugaldarraren Munduko Bandarik Txarrena lanak, 0,72 euroko zigilua ilustratzeko erabili du Portugaleko postak. Zigiluan, munduko bandarik txarrenaren partaideak azaltzen dira: Sebastian Zorn (saxofoi tenorea), Idalio Alzheimer (pianoa), Iganecio Kagel (kontrabaxua) eta Anatole Kopek (bateria). Iraultza bat irratian aireraturiko kantu batekin (Grandola vila morena) hasten duen herri batek soilik eskainiko lioke zigilu bat elkarrekin 30 urte ensaiatzen baina zuzenean jotzeko gai ez diren lau musikariei.

Esistitzen ez den baina hiri askoren arteko nahasketa den hirian bizi dira gure lau protagonistak. Lisboa, New York, Buenos Aires, La Habana, Praga, Le Havre,... Denboraren iraganak marka uzten duen kale, eraikuntza eta bulegoak dira istorioetako dekoratuak. Hala ere, dekoratu zaharkitu horiek ez dute garai konkretu baten pistarik ematen. Denbora eta espazioa Jazz bihurtzen dira. Jose Carlos Fernandesen istorioak, lanbide ezinezko eta denborapasa bizarroak dituzten pertsonaietaz gainezka daude. Umorea eta saudadearen artean nabigatzen duten pertsonaietan Borges, Kafka, Pessoa, Kundera eta Calvino bezalako idazleen trazak somatzen direla esaten da beti. Horiei, euskarazko argitalpenean (txalaparta) atarikoa egin duena gehituko genieke: Harkaitz Cano. Munduko bandarik txarrenaren musika, idazle euskaldunak idazten dituen jazz, blues eta twist istorioekin bat eginda irudikatzea ez da batere zaila.

2002. urtean hasi zen Jose Carlos Fernandes Munduko bandarik txarrena marrazten. Sei bilduma atera ditu orain arte. Bilduma bakoitzean, bi orrialdeetako istorioak modu independentean irakurri daitezke. Zentzu horretan, istorio bakoitzak badu gaitasuna normalatasunetik atera eta logikari desafioa egiteko. Munduko bandarik txarreneko groupieak ordea, badakigu istorio eta bildumen artean badaudela, elkarrekin konektaturik dauden pertsonaia, egoera, patu, eta doinuak. Jazz jeroglifiko honetan, gertakizunak eta ezusteak melodia ezberdina izan arren erritmo finko eta itxi bati eusten diote. Marrazterako orduan, Fernandesek, hirietako bazter eta kaleak, bulego eta kotxeak trazo zehatz baino lausoz marrazten ditu. Bigarren planu batetan uzten ditu eta horretarako kafearen hondakinak eta paper zaharkituaren hori kolorea erabiltzen ditu. Marrazkiaren protagonismoa pertsonaien aurpegietako keinuei eta janzkerari ematen die.