hurrengoa
bideojoko indieak julen biguri   Bada geek eta enpresa handirik gabeko bideojokoak aldarrikatzeko garaia. Horretan, bideojoko indien sorkuntzan, ibili dira Kalifornia aldetik azken aldian. Egia da nahiko frikiak direla, bai, baina zer espero dezakegu Super Meat Boy izeneko bideojokoarensortzaile baten eskutik?

Sortzaile batzuen ustez, 80an Kalifornian hardcore eszena sortu zen moduan, bideojoko indien eszena sortu da gaur egun. Oraindik goiz gabiz ezer esateko, baina, dirudienez, kultuzko sorkuntzak ere atera dira bertatik. Izen guztiak aipatzea ia ezinezkoa da, baina esan dezakegu Super Meat Boy (2008), Braid (2008), Fez (2010) eta Limbo (2010) direla famatuenak.

Lehenengo hirurak Indie Games: The Movie (Lisanne Pajot eta James Swirsky, 2011) dokumentalean ikusi ditzazkegu. Bertan sorkuntza prozesua, banaketa, salmenta eta sortzaile geek bitxien barne gatazkak azaltzen zaizkigu ikuspuntu hurbil eta landu batetik.

Super Mario eta PacMan-en seme hauen helburua Do It Yourself bizimodua programazio eta mundu imaginarioen diseinura eramatea da. Ondo lortu dutela esan beharra dago. Batez ere, bideojoko komertzialen gai errepikatuetatik aldentzen direlako, baina miretsitako horiek ahaztu gabe. Super Meat Boy Marioren bertsio hobetu eta gorea da. Braid jokoak ere Marioren antza du hasieran, baina berehala beste bide bat hartzen du, poesia, denbora eta espazioaren mugak apurtzen dituena, literalki. Fez-en, ordea, 2D dimentsio batean bizi den pertsonaiaren inpotentzia apurtu nahi du. Eta, azkenik, Limbo bideojokoan ez zerua ez infernua ez den mundu ilun horretan galduta dabilen umea haragitzen dugu.

Guztien artean Team Meat-eko (Super Meat Boy jokoaren sortzaileak, noski) Edmund Mcmillen da bideojoko indie gehien sortu dituena. Marioren bertsio odoltsuaz gain, beste hainbat flash joko egin ditu: Gish (2004), Aether (2008) eta The Binding of Isaac (2011). Azken horrek ikara eta barregura ematen du aldi berean. Izan ere, ustezko autobiografia tremendista batetik abiatzen da protagonista: Amak, Isaac -protagonista- hil egin nahi du Jaungoikoak sakrifizioa egiteko eskatu diolako, eta beraz, Isaac-ek sototik ihes egiten saiatuko da. Baina bertan ezagutzen ez zituen anai-arreba madarikatuak eta beste hainbat izaki aurkituko ditu. Aspaldidanik ikusi dudan komedia gorerik onena. Bideojoko hauek guztiek, dimentsio berri zoragarrien ateak irekitzen dituzte. PacMan eta Super Mario entretenigarriak baziren ere, edozer emango nuke haurtzaroan horrelako
jokoak eskuragarri edukitzeagatik!