hurrengoa
moja hegalaria    New Yorkeko Brooklyn auzoko Captured Tracks diskoetxe cool-enak hitzarmena sinatu du Zeelanda Berriko Flying Nun zigiluarekin, bigarren horren disko esanguratsuenak eta bitxikeriak plazaratzeko xedearekin. Dagoeneko, Toy Loven disko bikoitza, eta The Bats eta Snapper taldeen estreinako EPak argitaratu dituzte. Laster, The Clean-en lehendabiziko LPa eta Bird Nest Roys-en diskografia iritsiko dira. Flying Nun-ek 80ko hamarkadan kiwien herrialdean sorturiko eszena underground gehiena bildu zuen, eta Dunedin sound etiketaren baitan sartu; izan ere, talde asko Dunedin hirian eratu ziren, tartean, The Clean. Diskoetxea, berriz, Roger Shepherdek abiatu zuen Christchurch hirian.

Moja hegalariaren magalean erori ziren bandak nortasun handiko talde bikainak izan ziren; baten batek oraindik jotzen jarraitzen du, The Bats, kasu. 60ko hamarkadako pop melodien distira eta garage-rockaren ausardia, Velvet Undergrounden taupadarekin uztartu zituzten aurreiritzirik gabe eta trebezia eskasarekin, garaiko punk leherketak zabaldu zuen Do It Yourself filosofiari jarraituz. AEBetan antzeko soinuak jorratzen ari ziren The Feelies, besteak beste. Alabaina, Antipodetara berandu iristen ziren azken joera musikalak, bai eta diskoak eta prentsa musikala ere. Hala, aipatutako isolamendu geografikoa abantailatzat hartuta, eta taldekideen arteko intzestua tarteko, sasoiko modari eta joerei bizkarra eman, eta izugarrizko pop-pilula ipurterreak grabatzeari ekin zioten Moja Hegalariaren laguntzarekin. Doinuok, gainera, egundoko arrakasta izan zuten. Horren erakusle, Pink Frost singlea, The Chills-en post-punk kutsuko balada iluna; errendetako lehen postura iritsi zen.

Gezurra badirudi ere, herrialdeko talde arraroen grabazioak disko salduenen artean kokatu ziren. The Bats eta The Clean taldeetako musikari zen Robert Scott-en aburuz, “ez zegoen inolako arriskurik honelakoak esateko: “Spandau Balleten antzeko soinua izan dezagun, horri esker etorkizunean espero ez dugun kontzerturen bat lortzen badugu”. Atzerrian gertatzen zenaren eraginetatik baino, elkarrengandik jasotzen genuen inspirazioa”.

Warner konpainiak Flying Nun erosi zuen 2006an, eta urteetan hilzorian egon ondoren, 2009an Shepherdek azalera ekarri zuen ni bezalako zale obsesionatuen gozamenerako. Orain, eta Captured Tracks-ekin sinaturiko itunari esker, luxuzko berrargitalpenak eskuratzeko aukera dago; prezio
onean, gainera. Moja aireratzen ari da berriro ere.