hurrengoa
bortizismoa blast!    Bortizismoa XX. mendearen haserako mugimendu artistikoa da. Hiru urte baino gutxiago iraun zuen, eta, hala ere, Britainia handian garai hartan sortu zen mugimendurik esanguratsuena izan zen.

¨Ismo¨ guztiak Parisen gertatzen ziren garaietan, Rebel Art Centre-n jaio zen mugimendu berri eta berezi hau. Wyndham Lewis izan zen buru, eta, futurismotik eta kubismotik edaten bazuen ere, izaera propioa izatea lortu zuen, hein handi batean, aurreko biek aldarrikatzen zituzten dinamismoa eta makinaren goraipenaren aurrean, bortizistek, estatismoa eta makinenganako
mesfidantza azaldu zutelako.

Bortizistek lerroen eta koloreen erabilera ez armonikoa aldarrikatzen zuten. Mugimenduari izena emango zion ezaugarria bilatzen zen: lerro guztiek, nolabait, mihisearen erdigunera zuzentzea ikuslearen begirada; emozioak sortzen direneko iturburura. Ezra Pound mugimendura hurbildu zen, eta berak asmatu zuen ¨bortizista¨ izena. Hainbat artistak hartu zuten parte, beste batzuen artean, William Roberts, Edward Wadworth, Gaudier-Brzeska, Jacob Epstein, Helen Saundres... Alvin Langdon-Coburn argazkilaria ere batu zitzaien, eta ¨vortographes¨ (bortografiak) asmatu zituen. Bortizistek egunkari bat argitaratzea erabaki zuten 1915ean. Blast izena jarri zioten, eta bi zenbaki besterik ez zituzten atera. Bi zenbaki bakarretan, ordea, Ezra Pound, T.S. Elliot eta bortizisten beraien lanak eta idatziak argitaratu zituzten, eta sekulako iraultza ekarri zuten. Manifestu bortizistaren eta arte-lanen gainetik, tipografiaren erabilera izan zen Blast aldizkariaren gailurra. Blast aldizkariaren maketazio eta tipografia berri eta ausarten erabilerak sekulako eragina izango zuen 20eko eta 30eko hamarkadetako diseinuan.