hurrengoa
double session I: the horror beach party    Amerikako Estatu Batuetan beach party (hondartzako festa) generoko filmek egundoko harrera izan zuten nerabeen artean 60eko hamarkadan. Kaliforniako hondartzetan filmatuak, bikotekide heterosexual inozoen amodiozko istorio jeloskorrak eta amorante horien lagunen hondartza giroko abenturak jasotzen zituzten. Batzuetan, gainera, pop talde ezagunek ere parte hartzen zuten. Genero horrek surfing-a eta surf musika
zabaldu zituen.

Estilo musikal apartsu hori jorratu zuen New Jersey hiriko The Del-Aires rock talde indartsuak. Hala, Del Tenney zinegile estatubatuarrak 1964an estreinatutako The Horror Beach Party film bitxian parte hartzeko aukeratua izan zen. Film horrek estreinakoz nahastu zituen hondartza giroa eta munstroak, ordura arte ikusi ez zen bitxikeria hibrido bat pantailaratuz. Olatuek eta rock-and-rollak zipriztindutako film odoltsu hori lehenbiziko munstrodun beldurrezko musikala dela esan ohi da.

Hibridotasun hori filmeko munstroetan ere islatzen da: hondakin nuklear batzuk itsasora isuri ondoren, substantzia kutsakorrak itsasontzi batean hondoratutako hildakoen hezurduretara iristen dira, eta arrain itxura duten zonbi antropomorfiko bihurtzen dira. Zoratzekoa! Zonbion zaletasun nagusia, bikinia soinean duten eta hondartzako parrandetan hordirik dantzatzen duten neskatoak hiltzea da, haien odola xurgatzeko asmoz. Sinesgaitza! The Del-Airesen kanturik ezagunena filmean jasotzen den garage-surf kutsuko Zombie stomp erraldoia da (Norton Records zigiluak taldearen kantuen bilduma bat plazaratu berri du doinu ospetsu horren izenburuarekin). Taldeak, orotara, sei kantu jo zituen filmean. Pelikularen aurrekontu txikiaren ondorioz (120.000 dolar gastatu zituen zuzendariak eta milioi bat dolar lortu), eta filmaketaren ezohiko kokapen geografikoari esker, agertu zen laukotea filmean. Izan ere, genero horretako gainerako filmak ez bezala, Horror
Beach Party Atlantikoko kostaldean filmatu zen. Filmaren ekoizleek inguruetara jo zuten nerabez osaturiko tokiko rock-and-roll talde merke bat kontratatzera. Bitxikeria gehiago: zuri-beltzez filmatu zen! Eta komiki formatuan argitaratu ere. William Castle zuzendariaren Living Corpse filmarekin batera estreinatu zen, emanaldi bikoitzean, eta honako lelo hau irakur zitekeen kartelean: Gizakien odoletik bizi diren pizti atomiko bitxiak!. Istripu toxikoari, zonbien odol egarriari, eta The Del- Airesen doinuei beste hainbat osagai likitsu gehitu behar zaizkie balizko ikusleak filmaren ikuspegi osatuagoa izan dezan: promiskuitate sexuala, budua, moto gidarien bandak, etengabeko dantza sentsualak, eta gorputz gazteek berotutako mozkorraldiak. Finean, gurean egiten diren surf filmei buruzko zinemaldietan inoiz ikusiko ez den (edo bai...) zine merke bezain zirraragarria.