hurrengoa
elefante gizonaren hezurdura eta hura ikertu zuen forensea... william r. maples   Niretzat Elefante Gizonaren hezurdura ez da pieza artistiko bat edo historiak eskaini digun bitxikeria bat. Joseph Merrick-ena nire bizitza profesional luzean gehien eragin eta hunkitu nauen hezurdura da. Antzerkian edo David Lynch-ek zuzenduriko film baten bidez ezagutu du jendeak Elefante gizonaren istorioa. Nik eskuetan izan dut benetako protagonista, eta gainezka egiten duen irakitan dagoen esnea dirudien hezurdura hori, inoiz irakurtzen amaituko ez dudan liburua da niretzat.

Londres-ko Royal College of Medicine-n gordetzen da haren hezurdura eta hil ostean egin zitzaion moldea. 1989. urtean museoko kontserbatzaileek proposamen bitxi bat jaso zuten: Michael Jackson kantariak milioi bat dolar eskaini zituen Elefante Gizonaren hezurdura eskuratzearen truke. Museoak ezezkoa eman zuen baina, txin-txin diruaren hotsa entzunda Merrick-en senide eta ondorengoek hezurduragatik galdetzen hasi ziren. Hezurdura zientziarako balioa izaten jarraitzen zuela frogatu eta museoan geratu behar zuela baieztatzeko kontratatu ninduten.

1890. urtean zendu bazen ere, sentsazio beldurgarria sentitu nuen hura hil eta segituan egin zitzaion moldean oraindik haren ileak itsatsita zeudela ikusi nuenean. Mamu bat haragiturik ikustea bezala izan zen.

Duela urte gutxira arte, Merrick-en gaixotasuna neurofibromatosia zela uste izan da. Azken urteotan deskubritu da ziurrenik Proteo-ren sindromea (gorputzaren itxura aldatzen zuen jainko grekoagatik izendatua) izeneko gaixotasun ezezaguna izan zela Merrick-en hezurdura eraso zuena.

Merrick-en hezurdura ikusteak begiak malkoz bete eta bihotza hunkitu egiten du. Treves doktoreak erreskatatu zuen arte, zirku atrakzio gisa lan egin zuen inongo diagnostiko mediku eta sendagairik hartu gabe. Sufrimenduaren ispilua da Merrick-en hezurdura; Sufrimendu fisikoarena eta arimaren sufrimenduarena.

Whitechapel-eko kale ilunetan barna, bere gorputzaren ezker alde handitua eta burua zapi baten azpian ezkutatuta, Doctor Jekyll eta Mr Hyde fisiko bat bailitz. Hezurrek ez dakite gezurrik esaten. Ezin da hezurdura bat manipulatu eta Joseph Merrick, "Elefante gizonaren" hezurduran, gizaki haren barnean zegoen sentsibilitate eta inteligentzia kaiolatua argi eta garbi sumatzen da.

Willian R. Maples antropologo forenseak besteak beste Nicolas II eta bere familiaren hezurrak, Pizarrorenak edota aipatutako Elefante Gizonarenak aztertu dituen doktorea da. Bere esperientzia guztiak oso interesgarria eta entretenigarria den "Dead men do tell tales" liburuan azaltzen ditu. Bertan Trayectos editorialak kaleratu zuen 2001. urtean "Los muertos tambien hablan" izenburupean.