hurrengoa
passolini: roma la citta, la vita, la morte aritz galarraga   1- stazione termini

1950eko urtarrilaren 28an iritsi da Pasolini Erromara amarekin, aita atzean Friuliko Casarsan utzita lotan. Militante eta poeta gaztea irakaskuntza publikotik egotzi dute, alderdi komunistatik, ustez nerabeekin ukikatzeak edukitzeagatik. Absolbituko dute, baina lur errea du jada jaioterria. Bizitza berri bat aurrean, geografia berri bat besterik ez bada. Garai bateko Alberdaniak atera zion euskaraz Friuli hartakoak biltzen dituen Gauza baten ametsa (1998).

2- rebibbia

Periferiako auzo pobre bat du bizileku, Ponte Mammolo, Rebibbiako kartzela ondoko etxe bat teilaturik ere gabea. Heriotzara kondenatutako bat bezala bizi da, bere hitzetan. Baina hortxe ezagutuko ditu gerora lehengai izango dituen aldirietako langilegoa, bere hizkera, kultura, bizitasun bortitza. Hortxe eta Tiber ertzeko maitasunetan. Ragazzi di vita (1955) eleberrian jaulkiko ditu estreinako aldiz horiek guztiak.

3- via giacinto carini

Ekonomia pertsonala apur batean hobetuta, erdigunerago egin du orain, Bertoluccitarrak hartzen dituen eraikin berera. Orain hasi da besterentzako pelikula gidoiak idazten, Erromako bizitza intelektual eta artistikoan leku egiten, lagunak: Bernardo, noski, Fellini, Alberto Moravia betirako. Piazza Navona, Piazza del Popolo, Campo de’Fiori dira bizitza berri horretako geltokiak.

4- ina-casa tuscolano

Baina idazlea zinema egiten hasi da: Accatone (1961), Mamma Roma (1962), La ricotta (1963). Hiru horiek osatzen dute Pasoliniren trilogia erromatarra. Mamma Roma-k dauka mezu argigarria: Anna Magnanik jokatzen duen pertsonaiak uzten du auzo herrikoia, INA-Casa Tuscolano eraiki berri txukunagora joateko. Burgestze prozesu horrek, ordea, ez du filmean familia bere halabeharretik.

5- via eufrate

Mussolinik eraikitako egoitza-auzo lasai batean erosi du Pasolinik apartamentua, “nire ehorzketaren etxea”. Erromak jarraitzen du izaten erdigune, baina urruntze gero eta nabarmenago bat hasi da: ezin ditu jasan kontsumo gizartearen ondorio suntsitzaileak, langileen kulturaren inozentzia galera. Il Vangelo secondo Matteo (1964) Italia hegoaldean filmatuko du, Comizi d’amore (1965) Italia osoan zehar; baina Edipo re (1967) Marokon, I racconti di Canterbury (1972) Ingalaterran, Egipto, Iemen, India, Iran, Eritrea, Afganistan, Nepalen Il fiore delle Mille e una notte (1974).

6- ostia

Bi etxe eraikiarazi ditu, biak ere Erromagandik gertu, baina biak ere Erromagandik aski urruti. Bigarrena itsas ertzean; gutxi disfrutatuko du, 1975eko udan joan baita bertara bizitzera. Petroleo eleberri totala, Salò pelikula dira Pasoliniren azkenak. Azaroaren 2ko goizean aurkitu dute haren gorpu sarraskitua, Ostiako hondartzan. Gau hartan gertatu zenaz ezer gutxi dakigu, idazle-zinegile handi bat finatu zutenaz bestera.