hurrengoa
gospel kantaria, ihesa eta errua julen azpitarte   Harry Crews (Bacon County 1935 - Florida,2012) idazle outsider-ak 1968an argitaratutako The Gospel Singer liburuaren lehendabiziko lerroak honela dio: “Enigma, Georgiako estatuan, irteeratik gabeko kale bat zen”. Enigma AEBetako hegoaldean dago, kaleetan zehar eta etxeetan barrena txerriak ibiltzen dira gora eta behera; bizilagun trauskilak daude nonahi, ingelesez redneckak; ez dago itxaropen arrastorik; eta patua Jainkoaren esanak ezartzen du. Hala, herrikide guztiak kondenatuta daude, ez dira zulo horretatik sekula aterako, Gospel Kantaria (GK) izan ezik, guztiahaldunak bere ahotsaren dohaina eman baitio, eta gaitasun horri esker herritik alde egitea lortu du. GK, gainera, ederra da, purua, herritar groteskoak ez bezala.

Ikus-entzuleek haren ahotsa entzuterakoan Jainkoaren ukitua sentitzen dute. Abeslariak, baina, jaioterrira itzuli behar du abestera. Biztanle baldarrak emanaldi jainkotiarra entzuteko eta ikusteko irrikan daude, haren ahotsak zoritxarra aldenduko duelakoan. Zorigaiztoko gertaera bat ere gertatu da herrixkan: gizonezko beltz batek, GKren bedeinkazioa jaso zuen neskato liraina hil eta bortxatu omen du. Era berean, pertsonaia deformatuen ikuskizunak eskaintzen dituen zirkua ere iritsi Enigmara. Freak-show-a 70 zentimetroko oina duen zuzendariaren kargu dago, eta gospel artistaren atzetik dabil hark biltzen duen jendetza zirkura erakarri nahian. Enigman baina, gezurra da nagusi, gertatzen den guztiak egiaren antza izan arren. Pulp generoa kriminalaren idazkera zorrotz, azkar eta zehatzarekin idatzitako herrixka baten kronika gotiko hau, geldiarazitako Carnivale telesailaren eta Charles Laughton-ek 1955ean filmaturiko The Night of the Hunter maisulanaren parean dago. Gezurraren, deformazioaren, kulparen eta iraganaren inguruan ardazten den nobela bikaina da, Crews-en bizitzaren zertzelada asko gordetzen dituena: txikitan gaixotasun larriak pairatu zituen; Koreako gerran izan zen; seme txikia ito zitzaion auzokidearen igerilekuan; droga zalea; karateka; ehiza-hegaztiak entrenatzen zituen; irakaslea; eta, azkenik, hogei bat liburu idatzi zituen bizitza erdia horretan eman zuen arren, bai eta familia galdu ere. Mickey Spillane eta Graham Green autoreen zale amorratua, E. E. Cumingsen bertso bat zeukan azalean tatuatua: How do you like your blue eyed boy, Mr. Death? (Nola gustatzen zaizu zure mutil zuritxoa Heriotza Jauna?).

Crews-ek badu euskarara itzulpenik. 1993. urtean, Susak, ¨Autoa¨ argitaratu zuen Eduardo Mataukok eta Kristn Addisek itzulia eta Xabier Montoiaren hitzaurrearekin. Bere liburu guztietan errua eta ihesa funtsezko elementuak dira. Finean, nork ez du sekula sentitu jaioterriaren atzapar itogarrietatik ospa egiteko premia?