laburrak in brief
hurrengoa

humoristak

New Yorktarra pertsona gogorra eta lehorra izaten da. Eta, umoreari dagokionez ere, halakoa gustatzen zaio. Ironikoa, politikoa, sarkastikoa, azkarra eta beltza. Umorista newyorktar ugari dago; gogoratu, besteak beste, Groucho Marx, Lenny Bruce, Richard Pryor, Woody Allen, Jon Stewart, Janeane Garofalo, Bill Maher, Jerry Seinfeld… eta tradizio horren azken izen handia: Louis CK. Ez galdu haren hitz jarioa sarean.…

hurrengoa

chinatown bus

New York hirian bi Chinatown nagusi daude. Bata, turismo-gida guztietan ageri den Manhattan auzokoa; bestea, ezezagunagoa eta zabalagoa, Brooklyngo Sunset Park inguruan dagoena. Chinatown-en, batetik bestera dolar baten truke jendea eramaten duen legez kanpoko garraio zerbitzu bat dago. Furgoneta zuri handi horietako batean sartzea eta bidaiatzea abentura bat da bere baitan.

hurrengoa

eraikin marraztuak

James Gulliver-ek New Yorkeko eraikin guztiak marraztu nahi ditu. Bere abizenaren eraginez edo, ilustratzaile hau erronka erraldoien zale dela argi geratu zaigu. Ezinezko desafioa bada ere, makina bat eraikin marraztu ditu honez gero, eta hiria bisitatzeko modu berezi eta ederra eskaintzen digu.

hurrengoa

nycc

New York Comic Con. Munduan komikiaren hiri bat baldin badago, hori NYC da. Horren frogarik garbiena zenbaki berezi honetako komiki saila. Gurean hain urriak diren komiki eta fanzine denda espezializatu ugari topa daiteke New Yorken. Nobedadeak, egileak eta komikiaren ildo berriak ezagutu nahi dituenak ezin du galdu NYCC.

hurrengoa

adi koska!

New Yorkeko espaloietan, tarteka espraiz margotuta ikusiko dituzu. Espaloiko koskak eta malda aldaketak nabarmentzeko margotzen dituzten markak dira. Modu horretan, norbait zangotrabatu eta erortzen bada, salaketa saihesteko baliagarria izaten delakoan margotzen dituzte. Ez dugu ahaztu behar tiburoiak abokatuen beldur direneko hiriaz ari garela.

hurrengoa

mermaid parade

Urtero, ekainaren erdialdera, Conney Island-eko lamien edo sirenen desfilea ospatzen da. 1983an ospatu zen lehendabiziko aldiz. Nolabait udako solstizioa ospatzen duen festa pagano honetan, sexu eta gorputz askapena aldarrikatzen da.

hurrengoa

pictotales

Irudia eta hitza, hitza eta irudia batzen dituen egitasmoa. Sarea zubi, sorkuntzak konpartitzeko eta eraldatzeko gonbitea egiten du Pictotalesek. Egitasmo honek New Yorken eta Euskal Herrian du oinarria, eta edonon dagoen edozeini dago irekia.

hurrengoa

5pointz

Grafitia maite duenak ezin du galdu Queens auzoan dagoen 5 pointz. Huntza balitz bezala, grafitia eraikinetako paretetan hazi, eta han eta hemen ugaldu egiten da bloke osoa inbadituz. Izugarria da grafiti kopurua, aniztasuna eta maila...

hurrengoa

rockaway beach

Surfaren modaren uhinak New York ere harrapatu du. Broadway street-en surf markek dendak ireki dituzte, eta, Rockaway zonaldeko hondartzetara doan metroan, jendea surf ohola hartuta ikusiko duzu. Ramonesen Rockaway beach kantu surfero hura ironikoa izateari utzi dio, hypsterren ereserki bihurtzeko. Beno, ongi begiratuta, ez dago hori baino gauza ironikoagorik.

hurrengoa

booklyn

Fanzine, liburu eta aldizkari artistikoen gordailua da Booklyn erakundea. Liburu artistikoak edo argitalpen independenteen bultzatzaile eta erakusle izateaz gain, erakusketak eta enkanteak antolatzen ditu.

hurrengoa

projects

Gobernuak eraikitzen eta prezio merkean alokatzen dituen etxebizitzen eraikin multzoei ematen zaien izena da. Helburu sozialarekin eginiko etxebizitzak dira. Eta, bide batez, helburu horiek betetzeaz gain, gizarteko geruza behartsu eta konfliktiboak getoetan biltzea lortzen bada, ¨proiektu sozial¨ borobila dela esan liteke.

hurrengoa

hip hop church

Ezagunak dira turistentzat Harlemen ospatzen diren gospel mezak. Inork gutxi ezagutzen ditu, ordea, hip hop doinuekin ospatzen direnak. Astean behin, Harlemgo Greater Hood Memorial Zion Church-en, 146. kalean, 7.a eta Lenox avenue tartean, rap meza ematen dute.

hurrengoa

front-yard

New Yorkeko etxe askok izaten dituzten etxe aurreko espazioetan, denetarik topa dezakezu. Soberan dituzten gauzak saldu edo oparitzen dituzten merkatu txiki partikularrak, erakusketak, musika sesio inprobisatuak… Liburutegi honek erakarri zuen gure atentzioa. Apenas dirudik gastatu gabe, eta irudimen handiarekin, liburutegi xume bezain ederra eraiki dute.

hurrengoa

bide berdea

New York irudikatzen dugunean, autoak, taxi horiak eta metroa etortzen zaizkigu burura. NY, ordea, oinez ibiltzera derrigortzen zaituen hiria da. Azken urteotan, beste hainbat hiritan bezalaxe, izugarri zabaldu da bizikletaren erabilera, eta kaleetan kolore berri bat azalduz joan da: bizikleten bide berdea.

hurrengoa

euskal etxeak 100 urt e

Makina bat dira New Yorkera iritsitako euskaldunak. Horietako asko New Yorketik mendebaldera abiatu ziren aukera berrien bila. Baina horietako asko etxe orratzen hirian geratu ziren. Azken 100 urteetan, Euskal Etxea izan da bertoko euskaldunen elkargunea. NYera hurbiltzeko asmoa baduzu, bota iezaiozu begiradatxo bat ospakizunen programari.