hurrengoa
manhattan geology    New York hirian, geologiak soziologiarekin bat egiten du. Esanguratsua da (eta ikaragarria, aldi berean) hiriko egitura sozialaren gardentasuna. Geologoek lurrean egiten dituzten ebaketetan bezalaxe, hiriko hegoaldetik iparraldera doan metroan sartuz gero, gizarte, arraza eta klase geruza guztiak azaltzen dira garbi garbi.

Lurrazalean zer gertatzen den ikusteko lur azpian sartzeak kontraesana dirudi, baina modu aparta da NYCeko biztanleria eta izaera ezagutzeko. Ez dago Manhattandik atera beharrik. Broadway kalea hasten den tokian, finantza distrituan hartu Line 1 metroa, eta Manhattango iparraldean dagoen Washington Heights-eraino garamatzan bide horretan, erreparatu bagoian sartzen eta irteten diren hiritarrei. Ez duzu besterik egin behar.
Berehala jabetuko zara zer kaletatik zer kaletara bizi diren New York osatzen duten gizarte klase ezberdindu horiek. Zein den zure bagoi-kideek hitz egiten duten hizkuntza, zer geltokitatik zer geltokitara ikusten diren turistak, zein den, geltokiz-geltoki, zure bagoi-kideen azalaren kolorea...