hurrengoa
little odessa    Hondartzako malekoitik oinez jarraituz gero, ez dago ezberdintasun handirik inguruko beste auzoekin. Akaso, ingurune honetan jende gehiago ikusten da xakera jolasten. Hondartza utzi eta bloke bakar bat barrualdera sartuz gero, ordea, paisaia gutiz ezberdin batekin egiten dugu topo. Eta ez gara paisaia urbanoaz zari. Hemen ere, metroa lurretik bost metrora altxatzen duen burdin estruktura berezi eta bereizgarriak estaltzen du kale nagusia. Etxeak adreilu gorrixkaz eginak daude. Etxe orratza izatera iristen ez diren erlauntza itxurako eraikinak daude nonahi. Kale bazterretan, ur posteak ageri dira han eta hemen. Ez, bestelako paisaia batetaz ari gara. Begiek irakurtzen dituzten dendetako kartelena, belarriek entzuten duten hizkuntzarena, ahoak eta sudurrak dastatzen duten zapore eta usainena... bat batean, Errusian gaude. Esan genezake hain izen angloa duen Brighton Beach auzoa, Errusiak New York-en duen lursaila dela. Hango biztanle gehienek ez dute zerikusirik, adibidez, italo-amerikarrekin edo portoricanekin. Hemen ez da errusiar-amerikarrik. Hemengoak AEBtan bizi diren errusiarrak dira. Alde handia dago. Brighton Beach ekialdeko kostako mafia errusiarraren sehaska eta bulegoa da; gehienek berezko izenaz baino, ezizenaz ezagutzen dute: Little Odessa.

1994an, James Gray-k Tim Roth, Edward Furlong, Moira Kelly, Vanessa Redgrave eta Maximilian Schell zuzendu zituen Little Odessa izenburua zeraman filman. Little Odessako mafia errusiarraren inguruko istorio beltza kontatzen digu filmak, hain zuzen ere, bertan paseo bat ematen duzunean, ikusi ez, baina sumatzen den errealitate batena. Veneziako jaialdian zilarrezko lehoia irabazi zuen. Sei urte beranduago, Darren Aronofskyk Requiem for a Dream izugarria filmatu zuen; toki berean kokatua, baina auzoaren beste errealitate bat erakusten zuen.