hurrengoa
belako: erritmoa ez dadila gelditu arkaitz villar   I  txo?! 1993an banandu zen lehen aldiz Pixies taldea. Euria, Belako taldearen lehen diskoak garai horretako eragina du. Talde osatzen duten musikariak gainera 91, 92, 93 eta 94 urteetan jaiotakoak dira. Bai, ni ere konturatu naiz oso zaharra naizela. Azkeneko urtean ez da beste izenik Euskal Herriko musika eszenan. Taula gainean erakusten duten freskotasunaren erakusle da Josu gitarra jole eta abeslariarekin izandako telefono elkarrizketa. Denbora laburrean musikako etapa ugari bizi izan dituzue.

Gaztea maketa lehiaketa irabazi ostean kontzertu ugari eskaintzen hasi ginen. Cris eta biok Belgikara Erasmus egitera joan ginen eta etenaldi bat izan genuen. Itzuli ginenean berriz ere topera hasi ginen zuzenekoak eskaintzen. Denbora honetan autokritika egiten ikasi dugu. Hasierako kontzertuetan berdin zigun abestiak nola ateratzen zitzaizkigun, punkiagoak ginen alde horretatik. Orain ordea arduratsuagoak gara soinuarekin eta abar...

Hilabete batzuk pasa dira diskoa argitaratu zenutenetik.

Ez da urtebete igaro baina gauza asko gertatu dira denbora honetan. Kantu batzuk maketako freskotasuna galdu dutela iruditzen zait. Kalitatez txarragoak ziren baina egin genituen garaiko freskotasuna zuten. Diskoan grabatzean agian ez daukate maketako nortasuna. Nik abesti bakoitza sortu genuen egoera eta bizi genuen garaia gogoratzen dut eta hori maketan hobeto islatu genuen.

Zuen ikuslegoa zuek baino helduagoa dela konturatuko zineten dagoeneko.

Gure musikari lehen erreparatu zion jendeak 30 urte inguru dauzka. 20 urte inguru zituztenean Pixies edo 90eko taldeak entzuten zituztelako gertatu dela uste dut. Niri gustatzen zait 30-40 urteko jendea ikustea gure emanaldietan. Gazteak dira oraindik eta gu baino helduagoak izanda jakintsuagoak ere badira. Uste dut positiboa dela.

Crystal Fighters-ekin eta Shout Out Louds-ekin bira egin duzue estatuan zehar.

Crystal Fighters aspalditik ezagutzen genituen. Garai batean gure talde gogokoena izan zen. Jazzaldian eta Bilboko Kafe Antzokian ikusi genituen zuzenean. Gu oraindik horren ¨musikeroak¨ ez ginen garaian, talde hau, ezagutzen genituen ohiko taldeak baino harago zihoala deskubritu genuen. Garai horretan ez zuten diskorik, lehen single-ak baizik. Orain famatu egin direla pertsonalki ezagutzeko aukera izan dugu eta oso jende jatorra dela konturatu gara. Asko galdetzen ziguten euskal kulturari buruz eta Canal + katearen saio baterako elkarrekin kantu bat grabatu genuen. Birako kontzertuetako azkenengo abestia ere elkarrekin kantatzen genuen oholtza gainean denok batera.

Teknikoki ere asko ikasi dugula esan beharra daukat, horrelako bira baten atzean dagoena ezagutzeko aukera izan dugu. Shout Out Loudsekin ez dugu horren harreman estua izan baina haiekin ere oso ondo ibili gara. Musika ezberdina egiten dute, elektronika betiko instrumentuekin: analogikoa etab. Soinu potentea zuten eta ikuskizun aparta eskaini zuten.Bira hauek Madrid eta Bartzelona bezalako hiriburuetan jotzeko aukera eskaini digute. Gainera orain bertara itzultzeko deitu gaituzte eta oso pozik gaude.

Diskoko kantuak oso ezberdinak dira haien artean. Vandalism da nire gustukoena, intentsuena agian.

Lore eta biok egin genuen lokalean. Berak atera zuen riff batetik osatu genuen. Hasieran Sonic Youthen ildotik egin genuen baina oso modu sinplean. Gerora aldatu egin genuen eta konponketak egin ostean orain ezberdin jotzen dugu, kañeroago. Diskoan nahiko popero gelditu da, erritmo kutxa batekin hasten dugu. Hala ere zuzenean indarra sartzen diogu: gitarraren intentsitatea etab.

Haunted house oso festazalea da.

Zuzenean gehien gozatzen dugun abestia da. Huts egite gehien egiten duguna ere bada ez dugulako jotzen, disfrutatu egiten dugulako. Berdin zaigu nola ateratzen den hemen gozamena bilatzen baitugu. Garai “grunge” bat izan genuenean L´Monon grabatutako youtube batean oraindik amaitu gabe jotzen ateratzen gara. Oraindik egitura gabe genuen eta bideo horretan abestiaren erditik aurrera jarraitzeko modurik ez genuela ikusi daiteke. Horrela jokatzen dugu askotan: amaitu gabeko abestiak zuzenean joaz inprobisazioari ateak irekiaz eta nora joango diren jakin gabe. Baxuaren eta gitarraren arteko konbinazioak indar asko du abestiak egiten ditugunean. Gitarra bakarra dugu eta teknikoki ere ez gara bereziki trebeak. Horregatik abestiak egitean ez dut gitarran bakarrik pentsatzen instrumentu guztien konbinazioan baizik. Haunted House zuzeneko abestia dela uste dut.

Zuen single ezagunena ordea Southern sea (beautiful world) da.

Radio3n jarri zuten lehen aldiz eta gerora ere kantu honi esker ezagutu gaitu jendeak. Egitura aldetik daukagun abesti sinpleena da. Lehen garaiko abestia da oraindik etxean entseatzen genuenekoa. Crisek ezin izan zuen egun horretan etorri eta Lorek lehen aldiz hartu zuen baxua, garai horretan Lorek jotzen zuen teklatua eta Crisek baxua. Ibon ere, gure lehen bateria jolea, bertan zegoen. Tontakeri batekin hasi ginen eta horrela egin genuen. Hurrengo egunean Cris etorri zen eta gustatu zitzaionez frogatzen hasi ginen. Logelako paretan Can taldearen Vitamin C abestiaren letra zegoen paper batean eta hori abesten hasi ginen. Hortik atera genuen melodia. Lehen kontzertuetan ere letra hori erabili genuen. Gerora, Pablo lehengusuak (ingeles filologia ikasi zuen) moldaketak egin zizkigun eta gure hitzak jarri genizkion. Pablok letra ugarirekin lagundu digu.

Harritu nauena zuzenean egiten duzuen Nina Simoneren Sinnerman abestiaren bertsioa da.

Orain arte egin ditugun bertsioetatik gehien gustatzen zaidana da. Egin dugun moldaketa oso ondo gelditu dela uste dut. Beste rollo bat da eta hori bilatzen dugu: gure soinura ekartzea beste doinu bat duten abestiak. Bertsioak berdin jotzea denbora galtzea izaten da askotan. Berbena talde batek egitea ondo dago baina guk sormena landu nahi dugunez beste joera bat bilatzen dugu: abestiei buelta bat ematea. Batzuek abestia ondatu dugula pentsatuko dute. Baina hor badakizu: penaltia ez du huts egingo jaurtitzen ez duenak.

Epe laburrean kontzertuak eskaintzen jarraituko duzuela pentsatzen dut.

Diskoa aurkezten jarraituko dugu. Jendea deika dugu eta tiroi hau aprobetxatu behar dugu. Cristal Fightersek adibidez lehen diskoa bizpahiru urtetako bira aurkeztu zuen. Antzerako zerbait egiten ahaleginduko gara. Hala ere datorren urtean 3 edo 4 abestiko EP bat kaleratuko dugu. Jada zuzenean jotzen ditugun abestiak dira. Esan beharra dut horietako batek gainera joera elektronikoa duela. Horretaz gain beste egunean abesti berri horiek proiektu berezi baten aurkezteko ideia izan genuen: kantu bakoitza aste batean aurkeztuko dugu bideo batekin. Bideo horiek lotura izango dute eta guztiek elkarrekin film labur bat osatuko dute. Ideia hau beste egunean otu zitzaigun. Printzipioz ez genuen aurreratu nahi baina Durangoko Plateruenan jendaurrean hizketaldi bat izan genuen eta berotu egin ginen eta bertan aipatu genuenez egin beharko dugu.

belakomusic.bandcamp.com