hurrengoa
down in the treme maider gomez intxauspe   Bada telesail bat non badirudien ez dela ezer gertatzen. Ez dago akziorik, ez dago melodramarik, ez dago emozio merkerik. Telesail horretan, fikzio narratiboaren trikimailu guztiez paso egin, eta, besterik gabe, bizitza erakusten digute. Bere gorabeherekin eta bere barealdiekin. Telesail honek, bizitzak bezalaxe, ez dizkio ikusleari erraztasunik ematen. David Simon, The Wire telesaileko sortzailearen lana da Treme. Kalitatea eta zuhurtziaren bermea. Lehen Baltimoren egin bezala, orain New Orleans-en, gizarte-estamentu eta gizarte-klase orori sartzen dio bere bisturia, eta, anatomia klase bat balitz bezala, hiriaren giharrak, hezurrak, gaixotasunak, orbanak eta arima erakusten dizkigu.

Treme telesailan, aurretik eskuratutako gida eta mapak dituen turista baten moduan barneratzen bazara, ez duzu gehiegi iraungo. Sartu-irtena egingo duzu. Baina aurreiritzirik gabe, patxadaz eta suntsitutako kaleetan barna igande pausoz paseatzen baduzu, pertsonaiek, paisaiak eta musikak harrapatuta geratuko zara. New Orleanseko uda sargoritsuan izerdi egin, sukaldeetatik ateratzen den lurrin gozo eta sarkorra usaindu, aspaldian lorezainik ezagutu ez duten parkeetan itzala bilatu, musikari trebe bezain txiroak entzunez garagardoak edan... Atal bat bestearen atzetik, behin eta berriro, Tremera hurbilduko zara.

Tremen protagonista bat egotekotan, Katrina osteko New Orleans hiria da. Besteak, hezur haragizkoak, aktore sekundarioak dira, baina hain zuzen ere aktore sekundario koral horrek ematen dio indarra ezer eta dena kontatzen duen telesail honi. Sekundarioak protagonista bihurtzen direneko istorioa kontatzen du Tremek. Eta David Simonen hautu hori ez da kasualitatea. Telesailetan azaltzen ez direnenen telesaila baita Treme.

Telesaileko protagonista hiria dela esan ostean, telesail hau ikusi baino, entzun egiten dela esan behar dugu. Begiak itxita ere goza daiteke. Horren errudun nagusia telesaileko soinu-banda da. Ez dago New Orleans ulertzerik musikarik gabe. Eta, horregatik, musika eta musikariak azaltzen dira behin eta berriro Tremen. Batzuk beren buruarena egiten kameoetan, beste batzuk telesaileko pertsonaia gisa, Trombone Shorty Andrews eta Steve Earle handiak bezalaxe. Musikariak eszenatokian, musikaz hizketan, garagardoak edaten edo jatetxe batean ¨cajun¨ saltsaz bustitako ganbak jaten; besteak beste, Elvis Costello, Allen Toussaint, Dr. John, Kermit Ruffins Sammie Big Sam Williams, Cassandra Wilson, Troy eta hamaika musikari gehiago ikusteko eta entzuteko aukera du telesaila honen jarraitzaileak.

Telebista hilkutxa bat ez dela sinesten duen pertsona orok ikusi beharko luke Treme.