hurrengoa
habiak    Dejabu antzerki taldeak Bosnian jasotako belarrekin, eta Maite Gurrutxaga ilustratzailearen eskuek ehunduta, sortu da Habiak. Sortzaile hauek beren elkarlanaren emaitza komiki formatuan kaleratzea erabaki izanak, oraindik ere mapa berriak asmatzeko eta bide berriak ibiltzeko aukera dagoela frogatzen du. Dejabu

Dejabu-n, antzerkian eta txotxongiloekin aritzen zarete nagusiki. Nondik nora sortu zen istorio hau eta istorioa komikian kontatzeko asmoa?

Dejabu panpin laborategian beti saiatu gara gure bizipenetatik gertu dauden istorioak fikziora eramaten. Antzezlana sortu aurretik, hirutan egon ginen Bosnian 2002tik 2005era, Gorazde herrian bereziki, SOS Balkanes elkarteak gonbidatuta. Esperientzia ederra eta gogorra izan zen neurri berean. Gazte samarrak ginen eta genozidio baten ondorioak azalean sentitzeko aukera izan genuen. Asko markatu gintuen han bizi izandakoak. Ondoren, Londonen eman genituen urte batzuk, antzerkia ikasten, eta, nolabait, han sentitu genuen lehendabiziko aldiz herrimina. Ainararen aitona, baserritarra, han geundela hil egin zen... Orain konturatzen gara gertakari horien guztien ondorioz jaio zela antzezlana. Gure sentimenduak eta haserreak adierazteko beharra sentitu genuen.

Hala, Gizona ez da txoria antzezlana sortu genuen 2007an, pieza moduan, eta 2009an antzezlan oso bilakatu zen. Antzerkilari eta txotxongiloen arteko harremana landu nahi genuen, horrek zer lengoaia berri sortzen/eskatzen zuen ikusi nahi genuen. Ederra izan zen. Egia esan, beti gabiltza lengoaia propio baten bila, eta, askotan, bat baino gehiago nahasten ditugu, apropos, geure burua harritzeko... Ez zaizkigu gustatzen arte adierazpenetan markatzen diren muga zurrun horiek, konpartimentu hertsi horiek: antzerkia, haurrentzako antzerkia, zirkua, txotxongiloak, dantza garaikidea... Sormen-lan batean denetik edatea da onena, baldin eta zuk adierazi nahi duzunarako balio badizu. Komiki honekin gauza bera: antzerki lan batetik abiatutako marrazkiakā€¦ Zergatik ez?

Egia esan, gure antzezlanak nahiko estetikoak eta mugimenduan oinarrituak izaten dira, eta, horregatik, ez genuen pentsatzen horiek paperera eramatea posible zenik. Azken boladan, nobela grafiko dezente irakurri dugu, oso gustuko ditugu komikiak, eta zast! Hortxe sortu zitzaigun ideia. Maiteren ilustrazio-lana ezagutzen genuen lehenagotik, eta ea komiki bat egin nahi zuen galdetu genion. Gure harridurarako, baietz esan zuen, eta gidoian ere parte hartu zuen hasieratik. Egia esan, horixe izan da erronka handiena; marrazkiek beste tempo eta detaile batzuk behar dituzte, eta lengoaia berria zen bai Maiterentzat eta bai guretzat. Maitek hartu du marrazkien eta gidoiaren moldaketaren ardura prozesu guztian eta lan bikaina egin du! Esperientzia ederra izan da.

Maite Gurrutxaga

Zer moduko erronka izan da Deja Bu-koen antzerki lana komikira egokitzeko lana?

Ba erronka handia izan da. Nik uste halako abenturetan murgiltzen zarenean, aurrean duzun lanean sinestu behar duzula, zure egin eta barneraino inplikatu. Lana jaso nuenean, hori zen lehenengo gainditu beharrekoa, lana gustoko izatea, eta beragatik esfortzu handi bat egiteko prest egotea. Gidoia eta antzezlana jaso nituen, eta irakurri eta ikusi ondoren, erabaki nuen baietz, proiektu hontan parte hartu nahi nuela Dejabu Panpin Laborategiaren ondotik. Banekien ikaragarrizko lana izango zela, baina behar zen denbora eskeintzera hausartu nintzen. Hausartu diot, proiektua hasiera batean guk egin, diseinatu, maketatu eta autoeditatzeko asmoa bai genuen, baita banaketa egitekoa ere beharrezko bazen. Hala ere azkenean Txalaparta, eta berekin Monti, proiektuaren parte bilakatu dira, eta pozik gaude horrekin, asko lagundu digute eta.

Guztiarekin, erronka handienetako bat, baina baita gehien gozatu arazi didan pausoetako bat ere, antzezlaneko gidoia komikiaren lengoaira egokitzea izan da, lana plano oso desberdin batera eramatea eskatzen baitu. Horregatik, story board-a sortzerako garaian, aukera izan dut bide berriak jorratzeko, aukera eta metodo desberdinak probatzeko, istorio paraleloak sortzeko... komikia osatzeko bidean.

Ilustrazioa egitetik komikia egitera bada aldea.. nolakoa izan da aldaketa hori?

Komikiaren eta ilustrazioaren artean badago aldea bai, baina familia berekoak direla esango nuke, irudi narratiboak sortzen dira bietan, biek narrazioa dute helburu. Nik nabari dudan alderik handiena da komikian sekuentzialki garatu behar dela istoria, zinema gogorarazten dit. Ilustrazioan berriz ideia bat edo asko, garatu beharra daude irudi bakar batean. Biak ditut oso gustoko, mundu bat irudi bakar batean sortzea, edota irudi askoren bidez, mundu horri forma ematen joatea.