hurrengoa
audience: heldutasun oparoaz gozatzen arkaitz villar   Gure eszenako talde beteranoa bihurtu bada ere, hasierako energia galdu ez duen talde horietakoa da Audience. Amerikanuak (2010) filmeko soinu banda osatu ostean ikuskizun hori aurkezten aritu zen denboraldi batez. 2013an Mistress Game Epa eta Big Affair disko luzea argitaratu zuten, azken hau AEBn grabatua John Agnellorekin. Azken lan honetan entzun daitekeen Country of Tamborine bere ibilbidean sortu duten kantu onenetakoa da. 15 urteko musika ibilbidean 2013koa izan da aktiboena...

Bai, eta horretaz gain Euskara Jendea dokumentalaren sintonia egin dugu eta Corcovadoren Canción de Amor de un Díaproiektuko tarte bat bete dugu. Egia da ez dela urte arrunta izan… bidean sortu zaizkigun aukerak jaso eta baldintzak aproposak zirela ikusita, aurrera egin dugu lan guzti hauetan. Gero eta ausartagoak
gara!

Amerikanuak soinu bandarekin ikuskizun bat prestatu zenuten zuzenekoetarako eta beste zirkuitu batean murgildu zineten. Orain ohiko kantu eta emanaldietara itzuliko zarete.

Amerikanuak-en ikuskizuna oso exigentea izan zen, eta oso konplexua alde teknikotik. Emanaldi bakoitzak lan asko eskatzen zuen eta gure aldetik kontzentrazio maila handia ere bai. Erritmoa ez genuen guk markatzen, irudiek baizik; sinkronizazioa, pinganilloak, klaketa. Etab. Orain berriro itzuli gara zuzeneko klasikoago batetara, non emanaldiaren erritmoa guk markatzen dugun. Hala ere, Amerikanuak-ek aztarna utzi du guregan. Adibidez, argiei bere garrantzia ematen ikasi dugu, zentzu honetan Jon Mentxakaren lana asko baloratzen dugu. Bestalde, zuzenekoetara bideoak eramaten jarraitzen dugu, nahiz eta hauek ez diren horren protagonista. Publikoari dagokionez, egia da Amerikanuak-ek gurekiko zeuden jarrera batzuk aldatu dituela, orain gertuagoko bezala ikusten gaituzte, ez gara “ingelesez abestu eta musika konplexua egiten
duten Gernikako mutil arraro horiek”.

Musikaren genero klasikoetan bidaiatzen jarraitzen duzue: rock and roll-a, blues-a eta countrya nagusitzen da lan berrietan. Hor daude gainera zuzenean jotzen dituzuen Blind Willi eta Dylan-en bertsioak.

Ez da gure irudi oso modernoa errotu ja,ja… edozein kasutan, disko berria entzunda, nahiko sonoritate modernoa duela esango nuke. Edo beste era batera esanda, ez dut uste revival talde bat garenik, inondik inora ere. Atzera begiratzen badakigu bai, baina ez dut uste gure musikari justizia egiten zaionik etiketa horiek erabiliz.

John Agnelloren soinuak handitu dizue eta kantuek sendotasuna irabazi dute.

Bai, oso sendo entzuten dugu diskoa. Konplexu barik burututako diskoa da. Nahiz eta %100 Audience den, badauka orain arteko diskoetatik bereizten duen zerbait. Hasieran apur bat urduri geunden John Agnelloren inplikazio mailari zegokionez, baina buru-belarri inplikatu zen proiektuan. Sonic Youth, Kurt Vile edota Dinosaur Jr. bagina bezala egin zuen lan.

Protesta kantuak sartu dituzue lan berrian Protest eta Country of Tambourine.

Bai, eta bizi garen garai hauek ikusita agian protesta gehiago egin beharko genuke. Hala ere, taldea errealitate paralelo bat bezala interpretatzen dugu, gure eguneroko eginbeharretatik at dagoen paradisu bat bezala. Hori dela eta, agian, protesta abestiek ez dute toki handirik izan geurean, behintzat ez ohiko
protesta politiko edo sozialei lotutako gaiek.

A new life diskoa isteko aukeratu baduzue ere askotan honelakoek diskoak zabaltzen dituzte. Energia berezia du kantu honek.

Abesti hau kili-kolo egon zen azkenengo momentura arte, izan ere, estudioan bertan konpondu behar izan genituen pasarte batzuk. Batzuetan abestiak estankatuta geratzen dira, eta nahiz eta potentzial handia dutela ikusi, hauen garapena zaila izaten da. Hori dela eta, abesti honen azken emaitza entzuteak poz handia ematen digu. Diskoaren kronika gehienek tarte berezi bat eskaintzen diote abesti honi, eta jabetzen gara gure errepertorioan ez dagoela parekorik. Bide berri bat da, bizi berri bat…

Well (Bif Affair) eta Buruko bazterrak (Mistress Games) kantuetan erabili dituzuen koroek harrapatu egiten zaituzte. Giro berezia lortu duzue ahots horiekin.

Koro horiek badute halako kutsu tribal bat, batez ere Well abestiarenak. Badirudi Amerikar Indioek bere aztarna utzi nahi izan dutela diskoan, eta esaten duzun moduan ba giro espiritual berezi bat ematen die abestiari. Orokorrean, ahotsen tratamenduari dagokionez, pauso handia eman dugula uste dut.