hurrengoa
hormak maite larburu   I  maite larburu / wouter jansen Bizilaguna eta ni, neighbor eta ni, Amsterdameko auzo berean bizi gara. Adreilu gorrizko horma pare bat eta lau ate pitzatu daude gure artean; horiek, ikusgai direnak; baina banatzen gaituzten horma ikusiezinak zenbatzen ez nuke asmatuko, hain dira kontaezinak...

Ura patrikan kantu bilduma, horma horiei begira geundela sortu zen.

Noizbait, hormak eraikitzen ikasi nuen, nirea den espazioa, nire biolina jotzeko era, nire izatea, zurearengandik bereiziaz.

Orduz geroztik, zu eta ni, banaturik egon gara: hau ni naiz, eta hormatik at dagoena, zu.
Baina zer dago benetan hormen bestaldean?
Nik banuen bizilagun bat etxekonean, eta hari galdetu nion.

“Zer dago nire eta zure arteko pareta honen bestaldean?”
Isiltasunak eman zidan arrapostu.
Oihu egin nuen, orduan:
“Aizu, neighbor, zer dago aldentzen gaituzten harresiez kanpo?”
Baina, erantzunik ez; zelako ezinegona! Nola egin, nire hitzek paretaren igeltsua zeharka zezaten?
Galdera kantuan bota nuen, orduan:
“Neighbor, nun zare? Zer dago hor, zure aldean?”

Halako batean, gitarra baten doinua entzun nuen.
Ni, nire gelatik ari nintzen, Josh, paretaren bestaldetik, baina nire ahotsak eta haren gitarrak, kantu bat osatu zuten, hala, ezustean.
Horma tartean egon arren.
Aterik gurutzatu ez genuen arren.

Horrela hasi ginen, pareta haiek birrindu nahian, gure kantuak sortzen.
Kantu bat, bestea, instrumentu hau eta hura erabili genituen, hormak txikitzeko. Haizeari deitu nion, patrikatik ura hartu eta horma higatzen hasi nintzen; tristura eta poza kantatu nizkion adreiluari, orain ozen, orain xurxulaka.

Baina paretak han jarraitzen zuen, zurrun.
Ez nuen hura suntsitzerik izango, alferrik ari nintzen, eta abesteari utzi nion.

Orduan besterik ez nintzen ohartu, hormaren kolorea aldatua zela. Eta ez kolorea bakarrik, baita substantzia ere; “ez al zegoen, bada, lehen, pareta hau erronbo berdedun paperez estalirik?”
Gitarrak esnarazi ninduen, tupustean: neighbor-a ere nirekin zen. Kantuan hasi nintzen berriro ere, eta berehala, erronbodun papera egurrak estali zuen.
Egurra harri bihurtu zen, harria, kristal, kristala, margo beltz, pareta beltza, zuritu egin zen, pintura, amonaren etxeko paper borobildunak eraman zuen, eta haren azpian beste paper bat zegoen, eta beste bat, eta beste bat, eta beste bat...

Zenbat horma, zenbat unibertso ttiki, zenbat berezitasun, zenbat izate, zenbat muga.
Eta zenbat maite ditudan, hormek kantarazten dizkidazuen horiek guztiak.


Neighbor
Maite Larburu & Josh Cheatham

neighbor.nu