hurrengoa
zine musikal dokumentalaren loraldia Maider Gomez Inchauspe   Desagertzekotan zenean, Donostiako Dock of the Bay musika zinemaldiak zale eta jarraitzaileei laguntza eskatu zien. Ez zuten espero jasotako erantzuna. Crowdfunding-ari esker berehala bete zuten Zinemaldiaren edizio berri bat antolatzeko aurrekontua. Batetik, argi dago urte batzuetatik hona musikari eskainitako dokumentalen loraldia bizi dugula. Bestetik, eta beti ez bada gertatzen ere, are gutxiago garaiotan, programazio interesgarri eta zaindua egiten duen egitasmo bat dagoenean, zaleek eskertu eta erantzun egiten dute. Azken urteotan makina bat dokumental ikusi dugu musikari eta musikariei eskainiak. Ikus-entzunezkoen industria jabetu da dirudienez, musika zaletasunaren indarraz. Zale guzti horiek ¨merkatu¨ zabal bat izanik, eurei eskainitako pelikulak ekoiztea ez dirudi ideia txarra. Ikuspuntu anitz eta ezberdinetatik pelikula ugari filmatu da azken urteotan, The Filth and the Fury (Sex Pistols), Some kind of Monster (Metallica), No Direction Home (Bob Dylan), The Devil and Daniel Jhonston, I’m Trying to Break Your Heart (Wilco), Anvil, End of the Century (Ramones), Let´s get lost (Chet Baker),...

Berez, film hauetako asko ez dira taldearen promozio kanpaina izateko jaio, nahiz eta beranduago, eta izandako arrakasta ikusita, ezin dugu taldeentzat marketing kanpaina hobeagorik irudikatu. Eta gainera etorkizunerako dokumentua uzten dute, garai batean The Last Waltz (The band) edo eta Gimme Shelter (Rolling Stones) pelikulek bezala. Martin Scorsese, Jim Jarmush, Jonathan Demme, Clint Eastwood, Peter Bogdanovich
edo Wim Wenders bezalako zuzendari handiek dokumental hauetako asko sinatu dituzte.

Hala ere, eta izen handi hauez gain, Musika dokumentalari eskainitako zinemaldiek beste lan mota bati ere egiten diote lekua. Guretzat aurrekoak baino are interesgarriagoak direnak. Tokian tokiko musika eszena erakusten duten lanak ikusteko aukera izaten da Dock of the Bay bezalakoetan. Talde edo musika zaleek eginiko lan amateur eta gordinak. Askotan kolektibo ezberdinetatik sortuak. Garai eta musika mugimendu ezberdinen testigu eta artxibo bihurtuko diren lanak. Adibidez, Pasaiako Kampsa guneaz hitz egiten duena edo eta 160 Metros: Una Historia del Rock en Bizkaia, Azken DOTB jaialdian ikusitakoak aipatzearren.