hurrengoa
moonpalace records    Paul Austerrek izen hori eman zion liburu bati. Luna taldeak izen hori eman zion kantu bati. Eta duela hamaika urte, Juanra Pradok ez zuen beste aukerarik izan sortzen ari zen diskoetxe berezia bataiatzeko orduan. ¿Nola eta zergatik hasi zinen disko zigilu berezi honekin?

Web-fanzine bat nuen, eta, urtea bete zuenean, ospatzeko zerbait berezia egitea pentsatu nuen. Gustatzen zitzaizkidan taldeei kantuak eskatu nizkien bilduma trakets moduko bat prestatzeko, baina, kantuak jaso, eta oihartzun handiagoa izango zuen zerbait egin behar nuela pentsatu nuen. 1.000 aleko tirada ¨konbentzionala¨ egin nuen, ohiko DK bat, alegia. Esperientzia horren ostean, ezin izan nuen gelditu, baina ez nuen modu profesionalean egin nahi (eskerrak ez nuen egin), eta eskulan formatura jo nuen. Etxean egindako edizio zenbatuak. Inbertsio txiki batekin diskoak argitaratzeko aukera emango zidana...

¿Zenbat argitaratzen dituzu? ¿Dena saltzen al duzu?

Normalki 100 kopia egiten ditut, eta formatua, gutxi gora behera, berdintsua bada ere, beti daude ezberdintasunak. Beti nabil diskoak egiteko material berrien bila. Eta ez dira guztiak saltzen. 100 botata ere badira berehala agortzen diren batzuk, eta beste batzuk, ordea, urteak daramatzate editatuta eta apenas saldu dira 50 ale.

Zure diskoen edizioak oso zainduak dira, eta itxura organikoa dute beti. Esaten denez, egun, diskoak saltzeko, ezinbestekoa da objektuak erakargarritasuna izatea. Hala ere ez dugu uste salmentengatik edo diruagatik ari zarenik negozio honetan.

Hala da. Nik ere, erosle gisa, balio erantsia ematen diot diskoen formatuari eta erakargarritasunari. Orain nahiko binilo saltzen da, eta soinu nostalgikoaren kontua ulertzen dut, baina ni ez naiz oso binilo zalea izan inoiz. Nik uste dut dkarekin oso gauza ederrak egin daitezkeela. Eta jakina, ni ez nago salmentengatik. Hala balitz, ohiko diskoetxe batean egongo nintzateke. Moonpalace hobby bat da. Primeran legoke nik kaleratzen ditudan artistek sekulako arrakasta balute, eta beren musikaz bizi ahalko balira. Nire neurria zein den badakit; ezingo nuke makina bat disko saldu. Egiten dudan disko bakoitzak denbora eskatzen dit, eta ezinezkoa litzateke.

Kartoia, papera, kautxuzko zigiluak, tinta… Honez gero, hainbeste urteren ostean, Moonpalace estetika bat badela esan genezake…

Baietz uste dut, formatu ezberdinak egonik ere badago ¨standard¨ moduko bat, kartoia, zigiluak… Eta pentsatu nahi dut soinu aldetik ere badela estetika bat; nik baietz uste dut, akaso oker nabil, baina, nire ustez, kaleratzen dudan disko batekin gozatzen duenak zigiluko beste diskoekin ere gozatzen du. Baina jakina, hori oooooso subjektiboa da. Nik, maite ditudan diskoak ateratzen ditut soilik, eta besteen gustua zailagoa da neurtzen.

Aipatzen duzunez, bada musika jakin batekiko joera. Malenkonia kutsua duen musika organikoa, zure diseinuekin oso harreman zuzena duena, gainera. Normalki, gutako gehienontzat ezezagunak diren talde edo musikarien lanak argitaratzen dituzu…

Bai, artistei dagokienez, badira batzuk nik diskoa ateratzean ezagunak zirenak (Anthony Reynolds edo Ursula, adibidez), baina gehienak talde berriak eta ezezagunak dira. Soinuari dagokionez, joera guztiz nabarmen bat dagoela esango nuke, bai, malenkoniatsua, geldoa… Folk kutsua dute, baina apurka ari naiz beste estiloetara irekitzen, adibidez Francis Alun Bell edo Old Amica diskoetan. Horiek ez dira guztiz urruntzen zigiluaren soinu horretatik, baina badute beste kutsu bat. Beraz, egia da badagoela nolabaiteko bide bat; ezberdintasunak egonik ere, Moonpalace disko guztiek norabide bera dute.

¿Nola lortzen duzu artistengana hurbiltzea eta diskoak Moonpalacen argitaratzeko baimena eskuratzea?

Mimo eta maitasun haaaaandiz. Gustuko dudan artista bat deskubritzen dudanean, diskoetxea duen edo ez ikertu, eta idatzi egiten diot zigilu txiki bat dudala esanez, nola egiten dudanlan lan azalduz, nire bilduma bandcamp-ean ezagutu dezan gonbidatzen dut, argazkiei eta formatuei bistadizo bat eman diezaion eskatu… Hortik aurrera, suertatzen dena. Egia esan, apur bat pentsatuz gero, kasu gehienetan erantzuna positiboa da, eta beren kantuak argitaratzen amaitzen dut. Baina filtroa ere oso zorrotza da; gauza asko entzuten dut, baina soilik % 100ean ziur nagoenean jartzen naiz artistarekin kontaktuan. Gutxi gora behera urtean hiru disko kaleratzen dudala ikusirik, ez dut jende gehiegi kontaktatu behar izaten.

moonpalace records
moonpalacerecords.com