• 1
  • 2
hurrengoa
peruharri the stone house text and photos by: uxeta labrit   I  text and photos by: uxeta labrit Ez dago galbiderik. Errepidean, bi metroko esku baten hatzak erakusten dizu Peruharrira iristeko bidea. Bidean gora noala topatu dut Iñaki Perurena, traktoreari pala jarrita bideko bihurgune baten mendi malda husten. Udaberrian bagaude ere egun euritsu eta hotza aukeratu dut bisita egiteko. Baserrira igotzeko esaten dit, bera atzetik datorrela traktorean ttapa-ttapa. Malda amaitu aurretik hasi naiz bide bazterretan idatzita dauden hainbat lelo irakurtzen. Segidan, harrizko arku baten azpitik pasako da kotxea. Beranduago kontatuko dit arku hori, egun Leitzako errotonda bat zegoen tokian zegoela eta bere emaztearen aitak egin zuela.

Iritsi eta baserri parean dagoen mendi malda luzean eskultura ezberdinak ikusten ditut lanbro artean. Bat batean eskulturetako batzuk mugitzen hasten direla iruditu zait. Pottokak dira. David Lynch-ek asmatutako mini golf zelaia dirudien belardia mantentzeko modua dela azaltzen dit traktorearekin iritsi berri den Perurenak. Baserrira sartu bezain pronto kafe bat eskaini dit baina kafe makina nola pizten den asmatzen ez dugunez hizketan hasi gara. Iñaki Perurenak pasioz hitz egiten du. Berehala esaten dit museoa ez dela helburu izan inoiz. Harriari eta berak harria jasotzen pasa dituen 40 urteen arrastoa utzi nahi zuela, eta halako batean semearekin, han, malda goialdean harri jasotzaile baten eskultura egitea pentsatu zuela. Baserriko paretan egurrean zizelaturik duen leloak dioen moduan: bihotzean jaio, buruan hazi eta eskuekin landu.

Lehen eskultura haren atzetik, harriarekin eta Perurenaren munduarekin zerikusia zetozen beste batzuk etorri ziren. Egun, arte munduan hain ”beharrezkoak” diren aditu, curator eta komisarioen iritzia zein den irudikatu dezaket. Baina hemen ez dago inongo patronaturen aurrean erantzun beharrik. Ez dago sestra politikorik. Ez da inongo familiarekin negoziaketarik egin beharrik. Bere etxean bere unibertsoa sortu duen pertsona baten lana, besterik ez. Harri eta harro irekitzen duena bisitatu nahi duenarentzat. Eta akaso, askatasun hori da hain zuzen ere, arteaz bizi den jendearentzat susmagarri. Hurrengo eskultura pentsatu ote duen galdetzen diot. Badituela ideiak buruan baina 40 urte harriak jasotzen ibiltzearen osasun ordaina ere pairatzen ari dela orain. Lanbroak guztia estali aurretik argazki batzuk ateratzen ditut. Kotxean mendian behera noala, erretrobisorean harri jasotzailea agertu da, airean sostengatua, behe lainoaren
zuritasunean...