hurrengoa
marcel bontempi julen azpitarte   Sorginak, armiarmak, igelak eta bururik gabeko zaldunak. Diseinu cool-ak, hasierako marrazki bizidunen artea, rockabilly zaharra, hully gully-a, western swing-a, Alex Ateinweiss eta Jim Glora diseinatzaileak, espazio-ontziak, akorde minorrak, eta 20ko urtetatik 60ko urteetara arteko kontu arraro, basati eta frenetiko guztiak atsegin al dituzu???? BAITA NIK ERE!

Horrela aurkeztu du bere burua Marcel Bontempi musikari alemaniarrak bere blogean. Musika eta diseinu estilo zaharrak maite dituen The Montesas talde ezaguneko musikari eta diseinatzailea da Bontempi; egun, Dr. Bontempi’s Snake Oil Company izeneko hillbilly tankerako bandan ere jotzen du. Oraingoan, baina, bakarka abiatutako ibilbidea izango dugu hizpide. Izan ere, bide horretan, binilozko zazpi single argitaratu ditu, 1997az geroztik.

Disko horiei erreparatuz gero, nabarmen antzematen da 2011ko Old Mad Witch EPtik aurrera, alemaniarraren kantuek hobera egin dutela, bai eta azalen diseinuek ere; diseinu horiek, gainera, berak egiten ditu. Bada, zazpi hazbeteko horietarako, gai baten inguruko kantu zaharrak aukeratu, moldatu eta grabatzen ditu, eta gero, irudi egoki eta bikainarekin jantzi: 2012ko Big Fat Spider Vs. Spiderman diskoan, armiarmak jorratu zituen; 2013ko Bull Frog izenburuko EPan, berriz, igelen inguruko hiru doinu bildu zituen, eta 2014ko maiatzean argitaratu berri duen The Headless Horseman And Other Tales... bururik gabeko zaldunaren kondaira izan du ardatz.

Baina zer dator lehenengo, diskoaren kontzeptu osoa ala kantua?

Beti hasten naiz kantu batekin. Kantu batek disko bat merezi duela ohartzen naizenean, kontzeptu osoaren inguruan hasten naiz pentsatzen. Bi kantuko singlea izan daiteke, edo EP bat. Orduan, gainerako kantuak grabatzen ditut, eta gero, diseinua egiten dut. Azkenik, kontrazaleko oharrak idazten ditut; ohar horietan instrumentuak jotzen dituzten fikziozko pertsonaien izenak ere sartzen ditut.

Eta nola dakizu aukeratu duzun kantu horrek ondo funtzionatuko duen zure ahots eta soinuarekin?

Galdera ona da, izan ere, hori da ikertu behar dudan gauza bakarra: ea kantua benetan egokitzen zaidan, ea egoki jo dezakedan. Kantu bat aukeratu dudanean, irrikan egoten naiz aldatzeko, kantuari beste buelta edo sentimendu bat gehitzeko: azkarragoa egin, geldoagoa, mambo erritmo bat edo 60ko urteetako beat kutsua erantsi, edozer; halere, gauzarik funtsezkoena da, ea ondo egokitzen den nire abesteko gaitasunera. Hortaz, doinu asko baztertu egiten ditut.

Non aurkitzen dituzu kantu horiek? Diskoen bildumazale sutsua al zara?

Estilo zahar guztiak atsegin ditut, iragan mendeko hasieratik, 60ko hamarkada amaierara arte. LP, CD eta single bilduma ona daukat, baina ez naiz bildumazalea. Gehiago naiz melodien eta armonien biltzaile bat, nire buruan gorde daitezen. Youtube material berria bilatzeko bide ona da, eta ez duzu txakur txikirik gastatu behar; material ilun asko entzun dezakezu toki egokian baino ez duzu bilatu behar…

Zure singleen azalak egiten duzu, eta euren artean kohesio estetiko ildo bat dago.

Beti egin ditut nire diskoen diseinuak. Ez dit inork esaten nolakoak beharko luketen izan, edo hau edo bestea. Maite dut nahi dudana egitea; hau da, inork ez daki musikariak bezain ondo, zein sentimendu igorri nahi duen bere musikarekin, ezta zein azal beharko lukeen izan musika horrek.

Amaitzeko, diskoen kontrazaletan beti txertatzen dituzu testuak, jazz disko zaharretan bezala. Zergatik?

Azaleko oharrak norberak pentsa zezakeen baino garrantzitsuagoak dira, eroslea musika dagoen bitartean, zurrumurruak, egia osoak ez direnak eta informazio interesgarria zabaltzeko aukera baitaukazu.