charley harper: natura minimoen handitasuna
irudia
“Badaude, txori bat ikusi ostean, luma guztiak marraztu nahi dituztenak. Eta gero, bagaude beste batzuk, lumak sekula zenbatzen ez ditugunak”.

Charley Harper



West Virginiako baserri batean jaio eta hazi zen Harper. Cincinnatiko Art Academyra joan zen ikastera, eta han ezagutu zuen, klaseko lehendabiziko egunean, Edie Mckee artista gaztea. Graduatu bezain pronto ezkondu ziren. Harper, ikasle bikaina izateagatik, herrialde osoan zehar bidaiatzeko beka irabazi zuen, eta hura probestu zuen herrialdeko natura gune ezberdinetara ezti-bidaia egiteko. Orduan hasi zen Harper hain propioa zuen natura-ilustrazio estiloa garatzen. Gezurra badirudi ere, hainbat urtetan, aldizkarietako editoreen ezezkoa jaso zuen bere natura ilustrazioak ¨modernoegiak¨ zirelako. Kubismoak, geometriak eta minimalismoak ez omen zuten zerikusirik naturarekin. Zorionez, Harperrek ez zuen etsi. Jo ta su jarraitu zuen animalien itxura eta izaeraren esentzia, ahalik eta lerro, kolore eta elementu gutxienekin islatzen. Errealismo minimo gisa definitzen zuen berak bere marrazteko estiloa. Egun, ezin dugu ulertu naturailustrazioa artista honen ekarpenik gabe. Amaitzeko Gomendio bat. Aukera izanez gero, eskuratu The Golden Book of Biology. Ezinbestekoa.